Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea | Bertsoeskola
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta Zapata kaxa batean

  • Bertsolaria(k): Miren Amuriza
  • Doinua: Hemen gezurra nagusi
Gure barruko amorruari.
1.
Kamiseten apalpean (bis)
galtzerdi zaharren artean
nire amorrua bizi da
zapata kaxa batean.
Zapata kaxa batean,
kamiseten apalpean.

2.
Ni lasai baldin banago (bis)
bera lozorroan dago
zurrunga eta zurrunga
katu bat baino otzanago.
Katu baino otzanago
ni lasai baldin banago.

3.
Ni baldin banago artega (bis)
kaxoitik burua atera
eta hortzak erakutsiz
marruka hasten da bera.
Marruka hasten da bera
ni baldin banago artega.

4.
Esaten dit: “Egin kasu, (bis)
goseak hilik naukazu!
txokolatezko gailetak
ekar iezazkidazu!
Ekar iezazkidazu!”.
Esaten dit: “Egin kasu!”.

5.
Lurrean galtzerdi biltzen (bis)
edo gailetak birrintzen
bera hazten joaten da
eta ni, berriz, txikitzen.
Eta ni, berriz, txikitzen
lurrean galtzerdi biltzen.

6.
Jartzen banatzaio kontra (bis)
hasten da almoada borroka
eta tigreak baikinan
amaitzen dugu orroka.
Amaitzen dugu orroka
jartzen banatzaio kontra.

7.
Akabo almoada lumak (bis)
ta galtzerdi boladunak!
Etsi eta esaten diot:
“Izango al gara lagunak?”.
“Izango al gara lagunak?”.
Akabo almoada lumak!

8.
Ta gero jolasten gara (bis)
biok ezkutaketara:
bera ohera sartzen da
ni galtzerdien kaxara
Ni galtzerdien kaxara
ta gero jolasten gara!