Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea | Bertsoeskola
Bertso Ikasgela logoa

Guri buruz

Bertsozale Elkarteak ikasgelan bertsolaritza lantzeko aukera ematen die Euskal Herri osoko ikastetxeei.

Webgune hau lankidetzan ari diren ikastetxeei zuzenduta dago. Bertsolaritza klaseak emateko ehunka baliabide eskaintzen ditu: sekuentzia didaktikoak, ikus-entzunezkoak, jolasak, doinutegia... Gelako tutoreek eta Bertsozale Elkarteko irakasleek dute bertarako sarbidea.

2023-2024 ikasturtean, Euskal Herriko 7 herrialdeetako 235 herritan ari gara 513 ikastetxerekin elkarlanean, eta 30.192 ikasle ari dira bertsolaritza lantzen, Bertsozale Elkarteko 55 irakasleren eskutik.

 

Ikus dezagun gela barruan nola lantzen dugun bertsolaritza!

EITBko Hitzetik Hortzera saioak osatutako erreportaia honetan, Bertsozale Elkarteko Idoia Anzorandia  irakaslearen eskutik Abanto Zierbenako Askartza-Isusi eskolara sartuko gara. Ikus dezagun gelan nola lantzen den bertsolaritza!

 

Nafarroako Gobernuak osatutako ikus-entzunezko honetan, berriz, Leitzako Erleta ikastetxea ezagutuko dugu. Bertsozale Elkarteko Iker Gorosterrazu irakasleak azalduko digu proiektuaren berri.

 

 

PROIEKTUAREN IBILBIDEA

Nafarroan abiatu zen proiektua 1985ean, ikastetxeengandik jasotako eskariari erantzunez.

Urteetako ibilbideari esker, euskararen eremu osora zabaldu gara; Lapurdin, Nafarroa Beherean, Zuberoan, Araban, Nafarroan, Bizkaian eta Gipuzkoan, ikasturtero 25.000 ikaslek baino gehiagok lantzen du bertsolaritza bere ikastetxean, Bertsozale Elkarteko 50 irakasleren eskutik. 

Bidelagun ditugu eskola publikoak, ikastola kontzertatuak zein kristau eskolak, eta hitzarmenak ditugu Nafarroako Hezkuntza Sailarekin zein Ikastolen Elkartearekin.

Bertsolaritzaren Curriculumak jasotzen ditu ikastetxeetako proiektuaren oinarriak. Bertsozale Elkarteko irakasle mintegia, ikerketa eta formazioa uztartuz, gela barruko metodologiaren garatzen ari da. Eta honi loturik, irakasle lantaldea ikasmateriala sortzen ari da etengabe. Gure ikasmaterialak 2011. urtean Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailaren Ixaka Lopez Mendizabal Saria jaso zuen. ­


 

 

HELBURUAK

IKASLEEI DAGOKIENEZ...

  • Bertsolaritzaren oinarrizko ezagutza izatea eta zaletasuna piztea.
  • Euskararekiko jarrera positiboa indartzea eta hizkuntza komunikaziorako konpetentzia (bereziki ahozkotasuna) garatzea.
  • Jendaurreko emanaldi bat gauzatzeko oinarrizko betekizunak ezagutzea.

 IKASTETXE ZEIN HERRI MAILAN...

  • Bertsolaritza sustatzea ikastetxean eta herrian.
  • Ikastetxeaz kanpo haurrek jarraipena ematea zaletasun horri.
  • Euskararen erabilera bultzatzea.

 

BERTSOZALE ELKARTEAK ZER ESKAINTZEN DU?

Bereziki Lehen Hezkuntzako 3. zikloari bideratuta (5. eta 6. mailak), bertsolaritza klaseak ematen dira ikasturte osoan, astean ordubetez (ikastetxearekin adosten da ordutegia).

Bertsozale Elkarteko irakaslea etortzen da (astero ala bi astez behin) ikasgelako dinamika gidatzera; tutorea ere gelan izaten da. Hala, bi irakasleen artean aukera dute ikasturtean zehar egingo diren ekimenak adosteko eta proiektua ikasgelara egokitzeko.

Irakasle espezialistek bertsolaritzaren ezagutza sakona dute, eta hizkuntzari edo hezkuntzari lotutako titulazioak izateaz gain, formazio saioak jasotzen dituzte Bertsozale Elkarteak antolatuta.

 

OINARRI PEDAGOGIKOA: BERTSOLARITZAREN CURRICULUMA

2008an argitaratu zen Bertsolaritzaren Curriculuma Lehen Hezkuntzan lana. Bertsozale Elkarteak HUHEZIren aholkularitza pedagogikoaz egina da, eta bat dator Oinarrizko Curriculum Diseinuaren zein Euskal Curriculumaren oinarriekin. Bertsolaritzaren Curriculumak zehazten ditu proiektu honen ardatz metodologikoak, bertsolaritzaren bidez lantzen diren arloak, arlo bakoitzeko edukiak eta ebaluazio adierazleak.

Bertsolaritzaren bidez oinarrizko hezkuntza gaitasunak lantzen dira, Lehen Hezkuntzako Curriculumean jasota datozenak:

• Hizkuntza-komunikaziorako gaitasuna – Ahozkotasuna

• Giza eta arte-kulturarako gaitasuna.

• Ikasten ikasteko gaitasuna.

• Norberaren autonomiarako eta ekimenerako gaitasuna.

 

ZER LANTZEN DA BERTSOAREN BIDEZ?

Lau arlo lantzen dira, arlo bakoitzaren baitan hainbat edukitan sakonduz: jarrerazko, kontzeptuzko zein prozedurazko edukiak.

 1.- HIZKUNTZA

Diskurtsoak jarrera kritikoz aztertzea, testuaren ezaugarriak identifikatzea, diskurtsoak eraikitzea (ahoz zein idatziz), euskalkien aniztasunaz jabetzea, sentsibilitate estetikoa lantzea...

 2.- KULTURA

Kantu inprobisatua kultura errealitate unibertsal gisa ezagutzea, tradizioko sorkuntzak oroimenaren bidez barneratu eta taldean kantatzea, bertsoa osagai duten euskal ohituretan parte hartzea...

 3.- MUSIKA

Doinuen ondarea, entzute aktiboa, intonazioa eta igorpena, isiltasuna, abestiak jendaurrean interpretatzea...

 4.- TREBETASUN PERTSONALAK ETA SOZIALAK

Jendaurrekotasuna, dialektika eta lankidetza, besteen lekuan jartzea, balioak, parekidetasuna, zentzu kritikoa, aniztasuna, sormena...

 

NOLA LANTZEN DA IKASGELAN?

Ikasleei ahozko zein idatzizko eredu errealak eskaintzen zaizkie: bat-bateko saioak ikusiz, edo bertso zaharrak zein berriak entzun eta taldean abestuz.

Bertsoak egiteko oinarrizko teknika lantzen da, ikasleak idatziz zein bat-batean kantuan jarriz, eta arreta jarriz jendaurrean emateko moduari.

Ikasleek beren testuak sortu eta jendaurrean eman ditzaten, gela barruko ohiko dinamikaz gain bestelako egoera komunikatibo errealetan ere jartzen dira. Hala nola herriko ohituretan parte hartuz (Neguko Eskea, adibidez), ikastetxeko ekitaldietan bertsoak abestuz (Euskararen Eguna, inauteriak...) edo ikasturte amaieran gurasoen aurrean jaialdia eskainiz.

 

IKASMATERIALA

Bertsoikasgela.eus atari honetan eskura daude gelarako sortutako ikus-entzunezko materialak. Horregatik bertsolaritza landuko den gelan arbela digitala izatea komenigarria da.

Bat-batean jarduteko jolasak eta fitxak ere baliatzen dira. Eta ikasle bakoitzak Mundu bat bertso ikasliburuak baliatzeko aukera du (paperean zein digitalean). 

Gure ikasmateriala EAEko Hezkuntza Sailak saritu egin zuen 2011. urtean (Ixaka Lopez Mendizabal Saria, 2011).

Bertsozale Elkarteko irakasle lantaldeekin, ikasmaterialak sortzen eta berritzen dihardugu etengabe. Irakasle bakoitzak materiala ikasgelako errealitatera egokitzen du.

 

Metodologiaren ikerketa eta irakasleen formazioa

Ikasgela barruko jarduna etengabe hobetzeari jarria dio begia Bertsozale Elkarteko irakasle lantaldeak. Horretarako, batetik, bertsolaritzaren ikas-irakaskuntza prozesua aztertzeko ikerketa bultzatzen ari da eta, honi loturik, irakasle lantaldeetan etengabeko formazioa egituratzen ari da Bertsozale Elkartea. 

 

EKINTZA OSAGARRIAK

Ikasgelako lana indartzeko eta ikasleak jendaurrean trebatzen hasteko, ekintza osagarriok egiteko aukera ere ematen zaie ikastetxeei.

BERTSO SAIOA

Bertsolariak eskolara ekarriz, haurrei zuzendutako bertso saio bat antolatzea.

IKASLEEN EMANALDIA

Ikasturtean zehar egindako lana plaratzeko, gurasoei eskaintzen zaien bertso emanaldia.

Hemen ditugu ikusgai ikastetxeek eskainitako ikasturte amaierako emanaldiak.

 BERTSOMETA EDO BILBERTSOAK

Herrialdeko ikastetxe guztien lanak jasotzen dituen bilduma da; ikasgela bakoitzak bere taldeko bertso sorta argitaratzen du bertan.

BERTSO-ESKOLA EDO BAT-BATEKO TALDEAK SORTZEA

Gaztetxoek ikasgelan piztutako zaletasunari jarraipena emateko, ikastetxeek, udalek zein gurasoek aukera dute eskola orduz kanpoko ekintza gisa bertso-eskola edo bat-bateko taldeak sortzeko.

 

ZER DA IKASTETXEEK ZEIN UDALEK GEHIEN BALORATZEN DUTENA?

HIZKUNTZA LANTZEKO EMATEN DITUEN AUKERAK

  • Metodologia dinamikoa da. Ikasgelako ohiko jarduna aldatzen du.
  • Hizkuntza modu ludikoan eta erakargarrian lantzen da.
  • Ikasleek gustuko dute bertsolaritza klasea.

BERTSOLARITZA IRAKASLEA

  • Haurrekin lortzen duen hurbiltasuna eta gelan jartzen duen umorea.
  • Ikastetxearekiko duen hurbiltasuna, zentroak antolatzen dituen ekitaldietan parte hartuz.

EKINTZA OSAGARRIAK

  • Estimatuak dira ikasturte amaierako jaialdiak, bertso saioak, ikastetxeko ospakizunetan egiten diren emanaldiak...

 

BERTSOZALE ELKARTEA

2.500 bazkide, 100 borondatezko lankide eta 70 profesional biltzen dituen irabazi asmorik gabeko kultur elkartea da.

Bertsolaritza euskararen lurralde osoan sustatzeko lanean ari da.

Bideratzen dituen proiektuak, besteak beste: