Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea | Bertsoeskola
Bertso Ikasgela logoa

Xenpelar anai-arrebak hil zirela 150 urte

2019-12-09


Baztangaz kutsatuta hil ziren Errenteriako bi bertsolariak, Juan Frantzisko abenduaren 8an eta Maria Luisa 17an. Elkarrekin aritzen ziren bertsotan, fabrikan, jendaurrean. Ezagutu ditzagun!

 

 

Senperelarre baserrikoak. Larre motzean haziak!

Juan Frantzisko eta Maria Luisa Petriarena bertsolariak "Xenpelar" izenez ziren ezagunak: baserriagatik deitzen zieten hala, Senperelarre baserrian jaioak baitziren.

Sagasti politak zituen, baina ez zen baserri aberatsa. Lur askorik ez, bost anai-arrebei jaten emateko. Horregatik 7 urterekin Juan Frantzisko morroi bidali zuten osaba-izeben baserrira, Egurrolara, mandazain eta oteketan aritzera. Umetan oteketan ari zela makina bat bertso kantatu zituen. Maria Luisa, berriz, irakurzale amorratua zen.

 

Ikuiluko behi zimelari: Betroiarenak

Baserriko gosea ederki irudikatzen dute Juan Frantziskoren bertso hauek. Behia erosi du Hernaniko azokan, baina ez dauka itxura ederra gajoak... Dena hezur eta azal!

Bederatzi puntuko neurrian idatzitako sorta umoretsua, Eñaut Agirrek abestua (Larraitz, 2018-12-21). Bideoaren egilea: Anbune.

 

 

Anai-arrebak fabrikan bertsotan

Baserrian aski jatekorik ez-eta, industrializazio garaian Errenteriako liho fabrikan atera zuten bizibidea anai-arrebek. Fabrikan bertsotan maiz egiten zuten gainera, elkarrekin, Xenpelartarrek. Bien arteko bertsorik ez da jaso, ordea. Zoritxarrez Maria Luisaren bertso bakar bat ere ez da gorde, ez-eta argazkirik ere.

Fabrikako bertsoaldien artean ezagun egin dena beste hau da: Juan Frantzisko Xenpelar eta Muxarro bertsolariaren arteko talka. Fabrikan erretzea debekatuta zegoen, antza, eta Muxarro hor ari zen, ezkutuan, pipari tiraka. Hara nola hasi zaion kargu hartzen Juan Frantzisko Xenpelar, enkargatu paperean...

 

Aizak hi, mutil mainontzi!

 

 

Pasaiako plazatik

Bere garaiko kronista aparta zen Juan Frantziskogertaerak hitz neurtuz deskribatzen abila, umore puntu egokiaz.

Pasaian, Santiago eguneko festetan, kalean zezenarekin izandako gora-beherek eman zioten bertsoak jartzeko aukera ederra. Ikustekoa izango zen bertso sorta honek herritarrengan izango zuen harrera eta zabalkundea, paperean zein ahoz-aho, memorian leku egiteraino.

Karaokearen egilea: Antton Jauregi.

 

 

Bi gerra karlisten erdian - Ia guriak egin du!

Lehen gerra karlistak iraun bitartean (1833-1840) jaio ziren Maria Luisa (1833) eta Juan Frantzisko (1835). Eta bigarren gerra karlista ere (1872-1876) etorriko ote zen hotsak hasi zirenean, giro nahasi horretan Juan Frantziskok jarria da Ia guriak egin du sorta ezaguna, gerrarik ez hasteko eskatzen.

Eñaut Agirrek abestua (Larraitz, 2018-12-21). Bideoaren egilea: Anbune.

 

 

Baztanga izurriaz hil ziren, arreba Maria Luisak zainduta

1869an baztanga zabaldu zen Errenterian eta Juan Frantziskoren etxeraino ere iritsi zen. Lehenik emaztea eraman zuen, Maria Josefa, 1869ko urriaren 25ean, 35 urteak bete berriak zituela. Eta Juan Frantzisko ere ez zen izurriaz libratu.

Arreba Maria Luisa bertsolaria, bere lau urteko alabatxo Joxepa Antoni senarrarekin utzita, anaia eta ilobatxoak zaintzera joan zen haien etxera, bere bizia eta sabelean zeraman haurrarena arrisku gorrian jarrita.

 

Juan Frantzisko Xenpelar 1869ko abenduaren 8an hil zen, 35 urte bete gabe, eta egun berean jaio zen Daniela, Maria Luisaren alabatxoa. Egun gutxi egin zituzten bizirik ama-alabek: Daniela abenduaren 17an hil zen, eta Maria Luisa 18an (36 urterekin); ama-alabak ere, biak baztangaz hil ziren. Harrigarria da egoera hartan Juan Frantziskoren hiru alabatxoak ez hiltzea. 

 

Bertsolari familia, Xenpelartarrena

Maria Luisa bertsolariaren alaba, egur bereko ezpala zen: Joxepa Antoni Aranberri.  Lau urterekin galdu zuen ama Joxepa Antonik, baina amaren bi dohainak nabarmendu ziren beregan ere: irakurzaletasuna eta jendaurrean bertsotan aritzeko grina.

Urregorria da Joxepa Antoniren "Neskazarrari"sorta, Ibaizabal astekarian Enrique Elizetxeak emakumeen kontura jarritako sortari erantzuten diona, umorez. Ikus dezagun Maddalen Arzallusek abestuta, Hitzetik Hortzera saioan!

 

Joxepa Antonik ere liho fabrikan egin zuen lan (argazkian ageri da, atzeko lerroan, erdian), eta bere amak eta osabak bezalaxe bertsotan egiten zuen fabrikan.

Familian bertsolari gehiago ere baziren, horien artean Juana Joxepa Bengoetxea Oiartzabal Andre Handia errenteriarra eta bere aita Juan Antonio Bengoetxea "Antoniyo". Bada Jose Antonio Bengoetxea Lekuona Ardotx bertsolari oiartzuarra (1826-1878) osaba zuela dioenik ere.

 

Juan Frantzisko Xenpelar bertsolariaz, zertzelada nagusiak

Elixabete Perez Gaztelu ikerlariak bertsolari honi buruzko zertzelada nagusiak emango dizkigu "Bidegileak" bildumako bideo labur honetan.

 

 

Bertsolarien bizitza eta bertsoak biltzen eta argitaratzen lan mardula egin zuen Antonio Zavalak. Berari esker ezagutzen dugu gaur Juan Frantzisko Xenpelar ere. Auspoa saileko liburu honetan dugu irakurgai.