Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea
Bertso Ikasgela logoa

San Sebastian eguna eta Bilintx

2019-01-13


Badator urtarrilaren 20a, San Sebastian eguna. Egun seinalatu horretan sartu zen Bilintxen logelan karlistek jaurtitako granada bat, bertsolari ezaguna hilko zuena. Bilintx nor zen ezagutu nahi?

 

NOBELA BATERAKO MODUKO BIZITZA!

Donostian jaio eta bizi izan zen Indalezio Bizkarrondo, "Bilintx" (1831-1876). Aitona (amaren aita) andaluziarra zuen, Ayamontekoa (Huelva). Ogibidez, Antzoki Zaharrean kontserje izan zen. Bertsopaper ugari idatzi zituen; maitasuna eta sentimenduak bertsotan adierazten nabarmendu izan da, baina umorean ere bazekien fina izaten.

Deskalabruzko gertaerarik ez da falta pertsonaia honen bizitzan! Haurra zelarik, jolasean zebilela erori eta aurpegia itxuraldatuta geratu zitzaion; hortik datorkio “Moko” izengoitia. Festetan zezenak harrapatuta, larri egon zen behin. Hiltzeko ere, modu kuriosoa egokitu zitzaion... Liberala zen, Bigarren Gerra Karlistan soldadu ibilia. San Sebastian egunean (urtarrilaren 20an) bere logelan zegoela, karlistek jaurtitako granada bat leihotik sartu eta hankak txikitu zizkion. Zauri haien ondorioz hil zen.

 

HODARRIBIKO JOXEPAREKIN LEHIATU NAHI ZUENA

Bilintxen garaian ere (XIX. mendean), baziren emakume bertsolariak, baina haien berririk apenas iritsi zaigun. Lapurdiko Marie Hargain eta Aña Etxegaraik, esaterako, elkarrekin egiten zuten bertsotan plazatan. Garaiko bat-bateko sariketa garrantzitsuenak ere irabazi zituzten: Marie Hargainek Abbadiaren Lore Jokoak (1888 Kanbo), Aña Etxegaraik Euskal Bestak (1894, Hazparne). Artikulu honetan irakur genezake bi bertsolari hauen berri. 

Abbadieren Lore Jokoak Maria Luixa Erdozio bertsolariak ere irabazi zituen birritan (1869, 1875). 

Baina emakumeek egiten zutenari ez zitzaion balio askorik ematen, eta haien izen-abizen, bertso, biografia eta erretratu oso gutxi iritsi zaizkigu. Ezta onenetakoak izatera iritsi zirenean ere!

Horixe da Hondarribiko Joxeparen kasua ere. Bilintxek idatzita utzi zuen Hondarribiko Joxepari desafioa bertso sortari esker dakigu, bazela emakume bertsolari bat asko famatzen zena:

"Aspaldian, Joxepa,
famatua zeunden,
gu berriz ikusteko
desiotan geunden;
Hondarrabi aldian
aditzen genduen
dama bertsolari bat
nola bazeguen,
zeiñak Euskalerrian
parerik etzuen".

Bilintxek bertso sortan aditzera ematen duenez, Joxeparekin bertsotan lehiatzea zen bere nahia. Ez dakigu elkarrekin kantatzera iritsi ote ziren. Hondarribiko Joxepaz gelditu den arrasto bakarra, Bilintxen sorta hori da. Ikerlariek uste dute Abbadiaren Lore Jokoetan ere lehiatu zela ("Hondarribitar neska batek" abesten zuela idatziz jaso baitzen).   

 

 

BEHIN BATEAN LOIOLAN

Bilintxen maitasun bertso asko egin dira ezagun. Horien artean ezagunetako bat, hauxe!

 

 

ZALDI BATEN BIZITZA

Maitasunerako soilik ez, umorean ere moko finekoa zen Indalezio. Horren erakusgarri da datorren sorta.

Joxemari kale-garbitzaileak bazuen zaldi zuri ihar bat, dena hezur eta azal.

Zaldi gaixoari sorta eder eta umoretsua jarri zion Bilintxek...

 

 

HOBE SARTZEA SOLDADU

Gosea eta miseria zer zen ezagutu zuen Bilintxek ere. Baita soldadu bizitza probatu ere, Bigarren Gerra Karlistan.

Hara hemen pobreziari jarritako sorta, Joseba Tapiaren doinuaz, Eñaut Agirreren ahotsean.

 

 

BEHIN GARBANTZU PLATER BAT IZANGO ETA APAIZAK JAN!

Bilintx Oiartzunen izan zen pilota partidu bat ikusten. Eguerdian sartu da ostatuan bazkaltzera, baina sartu bezalaxe goseak aterako da gajoa... Mahai-buru eseri den apaizak, garbantzu guztiak bere platererako nahi ditu-eta!

Umorez gainezka dagoen sorta da "Potajiarena".

 

 

 

PASADIZOA

Bilintxen bizitzan zenbat gertaera kurioso!

Ateraldiak ere bazituen asko. Horietako bat komiki bihurtuta dakarkigu Unai Iturriagak.