Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta Zuhaitzak eta aizkora

  • Bertsolaria(k): Joxema Leitza Razkin
  • Doinua: Txoriak eta txoriburuak
Ipuina hiru bertsotan kontatuta.
1.
Behin gizon batek, basoan zela,
kezka bat zuen gordea
aizkora zuen bere ondoan
kirtenik gabe ordea!
Zuhaitzei egin zien erregu:
“ez dut galdu nahi kordea
beste kirten bat behar dut laster,
lehengoa baino hobea!”

2.
Zuhaitz guztiek batzarra eginda
hauxe zuten erabaki:
“Makil zuzen bat ken diezaiogun
gorostiondo lerden bati”.
Gizona, esku artean kirten
berriarekin izaki,
laster hasi zen, tipi ta tapa,
hemen moztu, hor ebaki.

3.
Lehenik haritza, gero pagoa,
eta lizarra hurrena,
honi adarra, horri enborra,
hangoari ia dena...
Hau ikusirik elorri batek
hauxe da esan zuena:
“Zoritxarreko, bere etsaia
laguntzen aritzen dena”.