Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea | Bertsoeskola
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta Baratze bat

  • Bertsolaria(k): Julen Zulaika
  • Doinua: Urteko lau aroak
Lurra zaintzen baserritarrak daki. Baratzetik platerera datorrenean, gure osasuna eta ingurumena zaintzen ari gara. Julenen esku laztuek badute guri zer kontatu.
1.
Zer erosten dugu non
kalera irtenda
ez dakit hain onak ta
sanoak diren ba
hausnar dezazun soilik
nahi dizut gomenda
ohitura aldaketa
gugandik hasten da.

2.
Astean behin gertuko
azokara joanda
landatu duten esku
berdinek emanda
bertakoa dastatu
osasuntsu janda
lehen zena orain ezin
ote da izan ba!

3.
Edo asteko saski
eder bat jasota
eraman dezakezu
etxera azoka
zuzenean erosiz
estutzen da soka
elkar zaintza helburu
bagoaz pausoka.

4.
Nork jan ditzake zabor
edo plastikoak
beraz maitatu lur gain
eta azpikoak
ama lurrak betetzen
ditu lapikoak
hautatu elikagai
ekologikoak.

5.
Lurrak ez dagoenik
ez daki ematen
ikasiko bagenu
garaikoa jaten
zein kolore, zapore
zein usain daukaten
gozatu begiratzen
ta gehiago jaten.

6.
Uda heltzean piper,
tomate, kuiatxo
aza, porru, borrajak
neguan nork jaso
berriz lurra esnatu
arte mantso-mantso
geu ere bere zati
ez al gara kontxo!