Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea | Bertsoeskola
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta Ostirala!

  • Bertsolaria(k): Peru Abarrategi
  • Doinua: Uztaiak gora gora
Denbora librea urrea da. Denbora libre dugunean, nahi dugun huraxe egiteko, zertan gozatzen dugu? Peruk umetan ostiral arratsaldeak zituen libre-libre. Asteko unerik onena, ostiral arratsaldea!
0.
ERREPIKA
Ostirala!
Lara lara lara lara

1.
Astea igaro zait
poliki bezala (bis)
eskerrak heldu dela
jada ostirala
ahal duenak nik beste
gozatu dezala!

2.
Lagunekin jarri dut
bost terditan zita (bis)
Nocilla bokata bat
prestatu dut ti-ta
denbora galdu gabe
parkera korrika.

3.
Soka saltoa, ping pong
pilota, futbola (bis)
lagun denekin bada
niri ez zait axola
berriz ziztu bizian
ahaztu dut eskola.

4.
Guztiok egin dugu
kromoen bilduma (bis)
repeak aldatzeko
gaur dugu eguna
ordu betean baietz
bukatu albuma.

5.
Ezkutatzea izan dut
beti hain gustuko (bis)
ongi kamuflatzeko
ditut mila truko
astelehen arte ez nau
inork aurkituko.

6.
Amonak eman dizkit
3 euro gaurko (bis)
goxokiz eta pipaz
jarria naiz bapo
gose handirik ez dut
afalordurako.

7.
Nahiz eta badakidan
nekatu naizela (bis)
ostiral iluntzea
izan da itzela
pena da egun denak
bukatzen direla.