Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea | Bertsoeskola
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta Gure etxea han dago

  • Bertsolaria(k): Amets Arzallus
  • Doinua: Gu gazte ginadela
Amets Arzallusek eta Ibrahima Baldek “Miñan” liburua idatzi dute. Ibrahimak Ginean izandako haurtzaroa eta Europara etortzeko egindako bidaia gogorra azaltzen du. Zer ote datorkio orain burura, “etxea” esanda?
1.
Etxola borobil bat zuhaitzen artean
erdi-erdian sua ta bi ahuntz atean
egun batean denei agur esatean
etxea sartu nuen poltsiko batean.

2.
Geroztik ibili naiz haizearen esku
orain zure etxean badut non babestu
ez da gurea bezain ttiki eta estu
baina limoiondorik atarian eztu.

3.
Etxea esan eta zer dator burura?
Lastozko teilatuan hiru *itaxura
bide luzean oinez ekartzen zen ura
nik maitasuna edan nuen putzu hura.

(*)itaxura: itogin

4.
Eta *pularra baitut hizkuntza maitea
gertatzen baldin bada kasualitatea
gure hitzez norbaitek “kaixo” esatea
iruditzen zait gure etxeko atea.

(*)pularra: Mendebaldeko Afrikako hizkuntza

5.
Etxeminez sentitzen badut negargura
eskua poltsikora daramat *ardura
hantxe dauzkat lastoa, buztina ta zura
berriz eraiki eta sartzen naiz barrura.

(*)ardura: etengabe, sarri

6.
Hara nik zenbat dudan katu kosmikotik
edozer eraikiko nuke poltsikotik
urruti egon arren sartzen naiz gogotik
mundua ikusteko etxeko leihotik.