Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea | Bertsoeskola
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta Gora ta behera bizitza

  • Bertsolaria(k): Unai Iturriaga
  • Doinua: Pertsiana zabaltzean
Jaiotzetik hil arterako bidaia, koplen abiadura bizian!
0.
ERREPIKA
Gora ta behera bizitza!
Samurra bezain bortitza
ez nintzen sekula hilko
jaio izan ez banintza!

1.
JAIO
Ama hasi zen erditzen
ni ez nintzaion kabitzen
buruz ez nintzen prestatu
ta ipurdiz jaio nintzen.

2.
UME
Bai bizimodu pirata!
jolas, jan, lo eta kaka
ez dut sekula hazi nahi
hau paradisua da-ta!

3.
NERABE
Bihotza taupa ta taupa
nerabea alarauka
neuk ezagutzen ez dudan
gorputz batek preso nauka.

4.
Omen naiz oso bordea
zakar, axolagabea
zuri axola dizunak
ez dit axola, ordea.

5.
GAZTE
Nago mundua hausteko
edonon sua pizteko
baina ez daukat dirurik
txiskero bat erosteko.

6.
HELDU
Gaztetasuna ihesi
helduak lana lehenbizi
umeei begira eta
zaharrak bezala bizi.

7.
ZAHAR
Bizitza jan dut egarriz
min zahar ta maitemin berriz
orain nekatuta nago
ume izan nahi dut berriz.

8.
HIL
Bila datorkit Herio
nire txanda dela dio
azkenak itxi atea
inoiz ez arte, adio!