Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea | Bertsoeskola
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta Energia berriztagarriak

  • Bertsolaria(k): Ander Elortegi
  • Doinua: Txoriak eta txoriburuak
Gizakiok naturako baliabideak neurriz gain hartzen baditugu, planetari ez diogu astirik ematen berriztatzeko, eta agortzen ari gara. Energia berriztagarriak izan daitezke orekarako bidea.
1.
Gizakiaren beharrizanak
dira ikaragarriak
gu hornitzeko gure planetak
ditu arazo larriak.
Darabiltzagun energia asko
ez dira jasangarriak
inoiz agortzen ez diren hauek
dira berriztagarriak:

2.
ENERGIA EOLIKOA
Mendian zehar jarrita haize
sorgailu dorre luzeak
beharrezkoak dira ardatza
eta goiko helizeak
biraka hasten dira ufaka
bultzatuz gero haizeak
eta energia sorrarazten du
pala hauek mugitzeak.

3.
EGUZKI ENERGIA
Erradiazio izpiak datoz
eguzkitik planetara
eta zelula fotovoltaikoz
osatutako plakara.
Elektroi batzuk igorri eta
argia xurgatzen bada
energia hau eraldatuta
elektrizitatea da.

4.
ENERGIA HIDRAULIKOA
Ibaietako ura pilatuz
betetzen da urtegia
presa irekiz goitik behera
erortzen da ur geldia
urak indarrez jo eta gero
azpiko makineria
turbina batzuk biraka hasiz
bihurtzen da energia.

5.
ITSAS ENERGIA
Olatutzarren mugimendua
ur masa eta aparra
marea edo itsasaldien
korrontearen oldarra.
Lur planetaren zati handi hau
dago ikertu beharra
agortezina delako gure
itsasoaren indarra.

6.
Petrolioa agortuko da
berdin ikatza zein gasa
eta erregai nuklearrekin
ere ezin gara pasa.
Gure beharrak asetzea ez da
sekula izan erraza
guk hartu eta Lurrari eman
diezaiogun arnasa.