Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta Hiru txerritxoak

  • Bertsolaria(k): Ixiar Eizagirre
  • Doinua: Nagusi jauna hauxe da lana A
"Hiru txerritxoak" ipuina bertsotan kontatuta.
1.
Narratzaileak
Ba omen ziren behin hiru txerritxo
bi alfer eta bat langile txintxo
horra ama, hizketan ari da
bere hiru kumeei begira
[Amak]
Hazi zarete
etxea egiteko astebete
duzue, ta hasi lanean fuerte!

2.
Txikiak
Nik egingo dut etxea lastoz
gutxi nekatzeko hobe da askoz!
[Ertainak]
azkar egin dut egurrarekin
arpa jotzera zatoz nirekin!
[Nagusiak]
alfer alenak!
harrizkoak dira etxe onenak
ta laguntzera etorri denak

3.
Narratzaileak
Hiru txerriak hor ari dira
bakarra lanean ta bi begira
Kontuz! hementxe dator otsoa
korri! ondo itxi etxetxoa.
[Otsoak]
txerritxuleta
usain ederra daukagu eta
hasi behar dut ate kolpeka

4.
Otsoak
Zer dugu hemen? Lastozko etxea…
gutxi kosta behar zait botatzea!
[Narratzaileak]
otsoak egin du putz eta putz
etxea erori da ta kontuz!
[Txikiak]
Anai maitea
ireki zure etxeko atea
[Ertainak]
zatoz barrura, mugi zaitea!

5.
Narratzaileak
Bigarrena da zurezko etxea…
[Otsoak]
gutxi kosta behar zait botatzea!
[Narratzaileak]
Ostikoz jo du, dena puskatuz
etxea erori da ta kontuz!
[Txikiak eta ertainak]
Anai maitea
ireki zure etxeko atea
[Nagusiak]
zatoz barrura, mugi zaitea!

6.
Narratzaileak
Harrizko etxea ostikoz jota...
[Otsoak]
ai, ai, ai! Ze mina hormaren kontra!
[Hiru txerritxoak]
otso zorritsu, zoaz basora
txanogorritxu han egongo da
[Otsoak]
A bai, badakit!
harriak badu zuloa goitik
sartu behar dut tximiniatik!

7.
Narratzaileak
Zasta! sutara jausi da eta
ipurdiko ile denak erreta
aldegin du betiko, orroan
hiru txerriak dantzan korroan
[Hiru txerritxoak]
tralara-lara
gaurtik aurrera festa ta algara,
lana eginez biziko gara