Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea | Bertsoeskola
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta Desapuntatzera noa!

  • Bertsolaria(k): Alazne Untxalo
  • Doinua: Bertsuak jarri dizkat
Eskolaz kanpo hamaika ekintzatan apuntatzen gara. Batzuk gure zaletasunak dira eta, beste batzuk, gurasoek “animatuta” edo erdi-behartuta egiten ditugunak. Batzuetan, zama sentitzeraino. Alazne ausartu da gurasoei esatera: “Aski da! Desapuntatzera noa!”
1.
Goiz osoa eskolan
beti lan eta lan
arratsaldero nabil
gaur hemen bihar han
erritmo jasangaitz hau
ezin dut eraman.

2.
Ez naiz ongi sentitzen
ez nago gustora.
Liman, Iker, Saioa,
Mikel edo Nora
haiekin jolasteko
behar dut denbora.

3.
Solfeoa bi orduz
zuri zein kortxea...
Zergatik nahi zenuen
tronpeta jotzea
etxean ez baduzu
nahi entsaiatzea.

4.
Partida dugunean
harmailan barrena
aita zergatik jartzen
zara horren pelma
parte hartzea bada
garrantzitsuena.

5.
Eta galdu ezkero
marmarti ta kexu.
Nik hau ez dut gustuko
usain dezakezu
begira, nahi baduzu
apunta zaitez zu!

6.
Euskal dantzetan edo
kantalditan berdin
guraso oro dago
Smartphonearekin
obsesionatuta
grabatzearekin.

7.
Gaur nazkatu da zuen
alaba gaztea
dena utzi behar dut
ta izan askea
nire eskubidea
baita jolastea.

8.
Izanen al zarete
hau ulertzeko gai
baietza bada ongi
bestela izorrai!
Nire aisialdia
ez baitago salgai.