Narratzaileak
Ba omen zen behin neska txiki bat, zeinen alaia zen gogoan daukat: nahiz jolasten zekien ederki, handiagoen lanak nahi beti. Hau zoriona, begitxoetatik zeriona, entzunda amak esan ziona:
2.
Amak
Aizu, alaba Txanogorritxo, tori eztia ta hiru opiltxo, gaixorik dago amona xaharra, badauka bilobaren beharra, zoaz, mugitu! Loretxoak biltzen ez gelditu, bestela otsoak jango baitzaitu.
3.
Txanogorritxok
Ama banoa ta gero arte [Amak] azkar joan ta kontuz ibil zaite; amona han izango duzu zai, goseak ez da egongo lasai. Tori bi musu, opiltxoak hartu al dituzu? Amona ondo zaindu ezazu.
4.
Txanogorritxok
Tralatralarai, tralatralarai, amonarengana nijoa alai, hartu ditut nire loretxoak, eta salto egin dit otsoak. Susto itzela… utzi nauzu harria bezela, zergatik irten zara horrela?
5.
Otsoak
Ume polita, hau da zortea, biok baso honetan egotea; nora zoaz otarra horrekin? mesedez, joan nahi dut zurekin; bi bide daude eta, nirekin ados bazaude, egin apustu motzaren alde.
6.
Otsoak
Amonatxoa, jada heldu naiz, zugana beti iristen naiz garaiz: azkar zabaldu zazu atea, nahi nuke askaria jatea, [Amonak] Sartu, biloba, zu ikusteko zenbat denbora, zatoz, polita, nire ondora.
7.
Otsoak
Nire askari zu zara eta zu jateko hartu nahi nuke beta… amona zein goxoa dagoen… mozorro nadin ahal den ondoen.. . [Txanogorritxok] Kaixo, amona, aurrenengo iritsi naiz hona ta dakarkizut askari ona.
8.
Txanogorritxok
Ene, amona, harritzekoa! Sudurra duzu otso antzekoa, ta belarriak oso handiak, amona batentzat gehiegiak, eta ahoa: bestetan baino handiagoa… Zuk bai duzula gaitz arraroa.
9.
Otsoak
Sudurra daukat zu usaintzeko eta belarriak zuri entzuteko, ahoa duzu hurrengo kezka, mesedez, ez zaitez joan iheska, jango zaitut nik… Amona tripan daukat jadanik eta goseak nago oraindik.
10.
Txanogorritxok
Ama, lagundu! Ama, lagundu! Otso gaizto honek amona jan du! Norbait etor dadila, mesedez, edozer emango nuke ordez! [Ehiztariek] Zu egon lasai, bagara amona salbatzeko gai eta otsoa hiltzeko ere bai.
11.
Narratzaileak
Biak salbatu ondorenean ito zuten erreka barrenean, eta denak jarri ziren pozik, guztiak gure otsoa ezik. Hola izan zan, eta sartu ziren kalabazan ta irten Azpeitin, berdura plazan.