Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea | Bertsoeskola
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta Amari galdezka

  • Bertsolaria(k): Xabi Paya
  • Doinua: Ai gure antzinako
Elebitasunaz, ama-semeen arteko elkarrizketa.
1.
-Ama, ni zergatik naiz
bi hizkuntza lasai
hitz egiteko gai?
-Elebidun egin nahi
baitzintudan, Unai,
munduan ibiltzeko
kontent eta alai
gaztelaniaz eta
euskaraz ere bai...
Zuretzako onena
baino ez nuen nahi.

2.
-Ama, lar ez ote da
bi jakin beharra?
Aski da bakarra!
-Unai, bihur ezazu
hizkuntza txamarra:
Saihesteko elurra
edo kazkabarra,
bakar bat ez ote da
aukera kaskarra?
Hobe hartzea xira
ta forro polarra.

3.
-Ama, ez dut euskaraz
egiten tarteka
kostatzen zait eta!
-Pentsa hizkuntza dela
zure bizikleta:
Astero eman ezik
dozena bat buelta,
gero ta urrunago
izango du meta,
herdoildu egiten baita
ganbaran gordeta.

4.
-Guztiok bi hizkuntzak
ikasi ezean
gu bion antzean?
-Biak dakizkigunok
geronen etxean
ez dugu aukerarik
izango hitzean
eta hasiko gara
erdara hutsean
aurrekoaren lehen
hitza aditzean.