Emakume zientzialarien asmakuntzei eskainitako sorta. Iturriak: Irunero aldizkaria eta Irunabar ataria.
1.
Nahiz eta ezagutu asmatzaile legez Tales, Einstein, Edison edo Arkimedes, erdiak ezkutatu dizkigute berez; pertsona asko jardun ziren gogo trebez ez zirenak gizonak zuriak ere ez.
2.
Ada Lovelace aditu zen teknologian, Babbage-en laguntzaile zena, teorian. Munduak eduki du ahazteko zorian… Lehen programatzaile gisa historian gorde behar genuke gure memorian!
3.
Mária Telkes ere ez da maiz agertu, eguzki-energia zuena ikertu. Lehen eguzki-labea utzi zigun gertu eta landako zenbait herrixka suspertu… Argindarra dugunok zergatik eskertu?
4.
Zaila da Hedy Lamarr izarra iluntzen: aritu zen uhinak sumagaitz bihurtzen, seinale sekretuen teknika taxutzen; Wifia ere hari esker garatu zen… eta zergatik ez du inork ezagutzen?
5.
Jakin nahi duzunean non zauden benetan Gladys West-ekin senti zaitezke zorretan: funtsezkoa izan zen ikerketen bueltan gaurko GPSen matematiketan, baina ezin kokatu gure orbitetan.
6.
Margaret Crane-en bizitzaz hastean galdezka ariko ginateke galderei iheska; ba hark asmatu zuen, protestak protesta, etxean egiteko haurdunaldi testa… gizon zuriarentzat huskeria, ezta?
7.
Ur edangarria da askoren helburu Deepika Kurup-ek erraztu duena seguru: Eguzki energia hartuz iturburu ura arazten duen teknika sortu du… Merezi bezainbeste eskertu al dugu?
8.
Maitane Alonso-ri jarrita begira makina bat sortzeko gai izan zen, tira: bertan elikagaiak kontserbatzen dira jasangarritasuna hobetuz, argi da… NASAn ezaguna da, hemen ez dakit ba…
9.
Sortzen diren heinean zenbait beharrizan jartzen gara erantzun onenen peskizan. Emakume ugari, aipatuen gisan, nahiz eta nahita utzi dituzten gerizan ez dezagun sinetsi ez zirenik izan!
*Iturria: Irunabar-en webgunetik ekarria. Jatorrizko publikazioa Irunero aldizkarian.
“Emakumeak zientzian” karta-jokoaren helburua da emakumezko zientzialari garrantzitsu eta, askotan, ezezagunak ezagutaraztea jokalariei. Jokoak, gainera, haurrentzat inspirazio-iturri izan daitezkeen ereduak ematen ditu.
Finantziazio kolektiboko kanpaina bati esker (crowdfunding) sortu da proiektu hau. Luana Gamesek ingelesez, frantsesez eta gazteleraz eskaintzen du, eta Elhuyarrek euskarara ekarri du.