Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea | Bertsoeskola
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta Jende animalia

  • Bertsolaria(k): Miren Artetxe
  • Doinua: Pello Josepe tabernan dela I-A
Giza abereon artean fauna zabala dago. Gure jarreretan, animalia baten edo bestearen antza hartzen dugu sarri. Sorta abestu eta pentsa dezagun gero: animalia bat banintz, zein izango nintzateke?
1.
Badago jende KAMELEOIA
eta besteen aurrean
inoiz ere ez du nabarmendu nahi
kamuflatzen da denean:
hostoan berde, hormigoian gris
eta marroi enborrean…
Hor dagoela antzematen da
lotsagorritzen denean!

2.
Jende TRIKUA izutzen bada
morkots bihurtzen da bizkor!
Horretarako du bizkarrean
hainbeste arantza gogor.
Eta sabela izanagatik
gozo, leun ta laztankor…
Besarkada bat behar du baina
ez zaio ausartzen inor!

3.
SAGUZAR jende filosofoa
ez pentsa denik tentela!
Leize ilunean buruz behera
hankaz gora dagoela
zerua behean ta lurra goian
ikusten ditu horrela…
Eta nork dio oker dagola
eta alderantziz dela!

4.
Eta badago jende BELDARRA
bihurtzen dena imago*
ingurukoek oso kontuan
hartu gabea lehenago…
Orain jendeak esanagatik:
“TXIMELETA, eder hago!”
bere burua ez du ikusten
lehen baino ederrago!

*Beldarra, metamorfosiaren ondoren, imago bihurtzen da (tximeleta itxuran).