Plaktona antxoak, antxoa hegaluzeak, hegaluzea gizakiak, gizakia krokodiloak...
Ea asmatzen dugun, elikatzeko moduagatik, zein animalia ageri den bertso bakoitzean!
Altua, beltza, gihartsua naiz Afrika ingurunean ibiltzen dena frutak, haziak… biltzen askatasunean. Zuhaitz-azalak eta sustraiak gutizi nire xumean. Nekatu gabe irents ditzaket 20 kilo egunean!
2.
Hori-gorrixka, lumadi erdia, berde-argitsu, kopeta. Alpiste zale hitzontzia naiz agindu ohi dut, tarteka: “Plater txiki bat ekar ezazu ahal dela pipaz beteta ahots eder hau jaki onekin zaindu beharko dut eta”.
3.
Ilaje grisez, zuhaitz gaineko adarretan akrobata. Urik sekula ez dut edaten eukaliptotik tiraka… Eta ahaztu zait lehen esatea gaineratzen dut post data: gure kumeek handi egiteko jaten dute gure kaka!
4.
Zuria edo beltza nauzue maite dut mendi-magala talde handiak dira niretzat ingurune naturala! Belarjalea, ez dut izaten liseriketa makala: nire barnean lau urdail daude behien barnean bezala!
5.
Gari, artoa zein garagarra irensteko bi minutu! Zizareren bat jaten dut, noski nahiz horrekin ez itsutu. Eta behin tripa bete ostean ez gara geratzen mutu: guk kakaraka egiten dugu eta oilarrek kukurruku!
6.
20 bat egun bizi naiteke. Kaka non, orduan gu han. Usteldutako fruta jaten dut biziraute helburuan zaborra ere elikagaia da gure zikin munduan agian orain hegaka nabil zure buru inguruan!
7.
Batzuk: smoothie eta McFlurry horrek ze plastiko kutsu! Beste batzuek: lekale, arrautza edo barazkiak usu. Plater ertzean jartzen duzunak definituko zaitu zu. Ba al dakizu zein ote naizen? Ongi ezagutzen nauzu!