Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea | Bertsoeskola
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta Andre arruntaren koplak

  • Bertsolaria(k): Onintza Enbeita
  • Doinua: Kantatzera noazu I
Eguneroko bizitza ere bada zelebre askoa... Xabier Lete zenak, "Gizon arruntaren koplak" jarri zituen: bertso aldrebes eta ezagunak dira, gizon baten egunerokoa kontatuz, irriz. Onintza Enbeitak emakume baten egun arrunta azalduko digu oraingoan; doinu berean, ezberdin.
1.
Iritsi nahi ta ezin
posible ote da?
Lana, yoga, lagunak,
kick boxing ta zera!
Erdi korrika doa
batetik bestera
emakume arrunta
goizetik gauera.

2.
Burkopean aurkitu
ohi dut adorea
kolpean itzaltzeko
despertadorea.
Gosariak bueltatu
artean kordea
goizetan izaten naiz
nahikoa bordea.

3.
Ispiluari beha
denbora luzean
erabaki nahian zer
jantzi gorputzean.
Baina dotorezia
galtzen da hutsean:
ahoa zabalik lo
joaten naiz busean.

4.
Lantokian utzita
mila haserre han
lagunekin kafea
ilunabarrean.
Badaukat imanen bat
nire paparrean:
ardo tantak biltzeko
egun hondarrean.

5.
Esnatu eta dena
goibel ikusteko
egun batzutan lotan
banengo hobeto!
Zer daukat munduari
zintzo eskaintzeko
arruntegia banaiz
arrunt izateko?