Aste Santua iritsi eta "positibo" eman! Oporrak logelan pasa behar... Bati baino gehiagori gertatu zaio aurten. Goza dezagun bertso sorta honekin!
1.
Aurtengo Aste Santua inoizko txarrena. Arreba "positibo" izan zen aurrena. Badakizue zer den horrek dakarrena; bi aste pasa ditut logelan barrena.
2.
Oporrak iristean irrika demasa pilatzea izan zen nire lehen akatsa. “Bi aste bakar bakarrik? Bai tarte eskasa...” Hamar egun ez dira nahi orduko pasa.
3.
Logela itxi zidaten giltzaz eta atez, bertan bazkaltzen nuen sukaldean partez. Makarroiak jatean ez nenbilen artez... Maindireak zikindu nituen tomatez.
4.
Asperdurari aurre egin nahi aldizka ta kaleak goxatzen zidan begi bista. Laino beltz, euri jasa ta arrats gorrixka... Leihoa bihurtu da nire telebista.
5.
Pasilutik arreba, aita eta ama hizketara etortzen ziren niregana. Hori izan da benetan eskertu dudana. Ateratzean eman diet muxu bana.
6.
Lagunen maitasuna ta zeru urdina... Pelutxeen aldean, konpainia fina. Orain haiez gozatu behar dut, jakina. Ea udan ez zaidan gertatzen berdina.