Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta Olentzerori

  • Bertsolaria(k): Julio Soto
  • Doinua: Lurraren pean sar nindaiteke
Munduko leku ezberdinetatik, haurrek Olentzerori egiten dizkioten eskariak. Eguberriak eta kontsumoa. Miseria munduan.
1.
Kaixo Olentzero, Etiopian
guztia da hauts, bero, ke…
ni ongi nago, baina anaiak
badauka zerbait, zer ote?
Azken aldian irribarreek
ihes egiten diote,
sabela hazi-hazita dauka,
azal hoztu, eztul kolpe...
Sendagairen bat baldin bazenu
pozik emango nioke.

2.
Kaixo Olentzero, Rio Janeiron
fabela bueltan beti gu,
hamalau gazte gara, futbola
odolean dakarkigu,
guk baino behar gehiago duten
haurrak daude, badakigu,
baina baloi bat sobran bazenu
mesede egingo digu,
duela hiru urte ekarri
zeniguna hautsi zaigu.

3.
Kaixo Olentzero, zer moduz zaude?
Tori bi muxu, bi patxo,
Bengasin bizi naiz, azkeneko
leherketa handia atzo,
hamahiru urte dauzkat, badakit,
gauzak eskatzeko zahartxo
baina ez bada zuretzat kezka
ez buruhauste lartxo
jakin nahi nuke non ote dauden
nire aitatxo eta amatxo.

4.
Kaixo Olentzero, Indian bizi naiz
hamaika urteko lora,
egun guztia pasa behar dut
jostorratza, behera, gora.
Hari finena zapatilentzat
lodiagoz, alkandora.
(Gure arteko sekretua da:
ez dut egiten gustora)
Bakar-bakarrik eskatzen dizut
jolaserako denbora.

5.
Kaixo Olentzero, Euskal Herritik
aurten eskari erreza:
nahi dut Messiren trajea eta
espinilletan babesa,
eta baloi bat (hau ez galtzeko
egiten dizut promesa),
Bob esponja bat, eta wifia
eduki ahal baneza.
A, eta bueno, gero beste bat
baina hori ja sorpresa.

6.
Abenduaren hogeita laua
iluntze magiko, bero,
kaleak argi gorriz, laranjaz,
dotoreak dira gero...
Zoriontsu den familia bat,
segiko ote du gero?
Guztia oso polita baina,
Eguberriro, urtero,
gutxien behar den etxeetatik
pasatzen da Olentzero.

Iturria: Argia astekaria.