Bi pertsonaia hauen etorreraren kondaira, bertsoz kontatua.
1.
Orain aspaldi Euskal Herrian denak bizi ginen pozik, eguzki eta ilargipean ez zen zoriona baizik. Ez zen etsairik ez zapaldurik, desberdin edo arrotzik, guztiok elkar zaintzen genuen inori egin gabe gaitzik.
2.
Olentzero, Mari Domingi, portatu naiz oso ongi, Mari Domingi, Olentzero, ikatzik ez dut espero.
3.
Baina elkarren zaintza jausi zen nagikeriaren mende, tratu hotz eta zurikerian erori zen hainbat jende. Ipar haizea eta elurra hasi ziren neurri gabe, guztiz izoztu zituzten arte guztion bihotzak ere.
4.
Olentzero, Mari Domingi, portatu naiz oso ongi, Mari Domingi, Olentzero, ikatzik ez niri gero!
5.
Ai Olentzero ikazkin zaharra ipini zuten alertan, eta astoa kargatu zuen abiatzeko lasterkan mendian behera murgildu ziren bide eta kaleetan berotasuna berriz pizteko euskaldunon etxeetan.
6.
Olentzero, Mari Domingi, portatu naiz oso ongi, Mari Domingi, Olentzero, ondo portatu naiz gero!
7.
Olentzero eta Mari Domingi lehen herrira helduak haien zain zeuden haurrak, gazteak, zaharrak eta helduak. Denentzat zuten ikatz apur bat pizteko berogailuak eta txintxoak ziren haurrentzat egurrezko jostailuak.
8.
Olentzero, Mari Domingi, portatu naiz oso ongi, Mari Domingi, Olentzero, etor zaitezte urtero.