Propagandak egiten gaitu ezberdinak Gabonetan markatzen dira bi erpinak; jostailu arros eta jostailu urdinak… Argi dago zein diren zeinentzat eginak.
2.
Baloi bat desio du Ane pinpirinak kotxe telegidatu, barku, hegazkinak ezpata luze eta piraten ipuinak… Baina hauek ez dira beretzat eginak.
3.
Anerrek nahi lituzke laguntzat panpinak edabeak egiten dituzten sorginak soinekodun printsesa edo erreginak… Baina hauek ez dira beretzat eginak.
4.
Joneren obsesio pieza arinak legoekin osatu nahian eraikinak grua altuak eta hondeamakinak… Baina hauek ez dira beretzat eginak.
5.
Jonen gustoko dira sukalde izkinak trapu batez garbitzen ditu zipriztinak plastikozko lapiko eta zartaginak… Baina hauek ez dira beretzat eginak.
6.
Julek belaunburuak nahi ditu zikinak Supermanen marrazki bat duten patinak jantzita jaitsi ditzan aldapa haundinak… Baina hauek ez dira beretzat eginak.
7.
Julenek pintatu nahi ditu ezpain finak probatu makillaje hautsak ta lurrinak pultsera forma hartu ohi duten buztinak… Baina hauek ez dira beretzat eginak.
8.
Funtsean ez garenez horren ezberdinak morez zirriborratu ditzagun erpinak baloi arrosak eta panpina urdinak… Behingoz izan daitezen denontzat eginak.