Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta Tximu baten gogoeta

  • Bertsolaria(k): Miren Amuriza
  • Doinua: Uso xuria errazu A
Zoologikoan kaiolan dagoen animalia baten larrutik. Gizakiak animaliekiko duen jarreraz.
1.
Tximua naiz, mendikoa,
ia kaiolan itoa,
agoantatu dut nahikoa!
Beraz, kantatu nahi dut barrutik
bizi ta ikusirikoa,
ez baita askoz txikiagoa
kanpoko zoologikoa. (bis)

2.
Betaurrekoak, bisera,
mapa, motxila, kamera…
Zer espero duzue ba?
Nahiz gizakiok tximua ikusi
eta aho-zabal gera,
gure arteko diferentzia
hainbestekoa ote da? (bis)

3.
Bakoitza bere kulturan,
eta dagokion gudan,
kontraesanekin mugan,
hor zabiltzate askatasuna
zeuontzako lortu guran,
baina niri inork ez dit galdetu
kaiolan bizi nahi dudan. (bis)

4.
Askok barroteetatik
eskua sartu izan dit,
zer gura duten badakit…
Kosk egin eta zera galdetu
nahi izan dut kumetatik:
“Zuk laztanduko al zenuke inor
kakahuete bategatik ?” (bis)

5.
Kobak margotu aurrena,
gero asfaltoz bete dena,
han fabrikak, hemen trena…
Gaur egun hobe estimatuko
bazenute ingurumena,
harrotasunez zeuen burua
maite duzuen laurdena. (bis)

6.
Pertsona tximutik dator,
baina zuontzat zorrak zor,
kaiolan gara emankor.
Historiaren pendulu handiak
aldaketa bat digu zor;
nork daki noizbait egongo ez garen
zuek hemen eta gu hor. (bis)

Iturria: Argia astekaria.