Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta Jantokiko azalorea

  • Bertsolaria(k): Etxahun Lekue
  • Doinua: Durangotik gorako
Berdura plateraren aurrean dugun jarreraz. Elikadura osasuntsua.
1.
Aupa ikasle lagun,
naiz azalorea
barazki osasungarri
eta dotorea.
Nire mina eduki dut
barruan gordea,
gaur zuri kontatzeko
prest nago ordea.

2.
Baserritarrak mimoz
hazia soroan.
Gero erremolkean
eskolara eroan.
Patatekin nahasia
lapiko beroan,
nire drama hasten da
ikasleen ondoan.

3.
Platerean jarrita
sarri entzun dut nik
“Buagh! Hau nazka...” oihuka
dioen lagunik.
Hori dionarentzat
badut erantzunik:
Probatu gabe ez esan
gustuko ez nauzunik!

4.
Jantokira heltzean
hamaika mespretxu,
zeuk ere zenbat irain,
txantxa eta kexu
Begietatik jaten
ohituta zaude zu,
paketean banengo
jango nindukezu.

5.
Badira ni dastatu
nauten lagun batzuk
eta denek diote
“Ba nik gustuko dut!”
Akaso hori egin
behar zenuke zuk.
Bihar bazkalorduan
itxarongo dizut.