Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea | Bertsoeskola
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta Bost neurri baino ez

  • Bertsolaria(k): Ander Aldazabal, Idoia Anzorandia
  • Doinua: Omendu nahian etorri gara
Koronabirusaz kutsatu ez gaitezen 5 neurriak zein diren gogora ditzagun, Ander Aldazabalen koplekin. Idoia Anzorandiak abestuko dizkigu, gitarraz!
1.
Ospitaleko langileria
txalotzera irten zaitez,
babes ditzagun haien aholku
guztiak txintxoki betez!

2.
Xaboia sarri eskutan hartu
eta ganoraz igurtzi,
minutu erdi pasatu arte
igurzteari ez utzi!

3.
Doministiku edo eztula
egin behar duzunean
altxa besoa eta ipini
zuk ahoaren aurrean!

4.
Sudur, begiak eta ahoa
ez ikutzen ahalegindu,
bide guztiak moztu ezkero
birusarenak egin du!

5.
Egun batzutan ezingo gara
egon gure lagunekin,
bakoitza bere etxean gaude
baina denok elkarrekin!

6.
Sukar, eztul ta arnastu ezina
baldin badituzu, lasai
etxean egon telefonotik
badira gu zaintzeko gai!

7.
Bost aholkuak legetzat hartuz
baietz atoan pasatu,
arduratsuak izan gaitezen
DENOK ETXEAN GERATU!