*Informazioa: Alzo'ko Imaz bertsolaria (Antonio Zavala, Auspoa).
Altzoko Imaz bertsolariak sorta asko jarri zituen, Asteasuko senide itsuentzat, plazan saldu zitzaten, bizimodua ateratzeko. Sorta batzuk andre-gizonek elkarrekin kantatzeko jarri zituen, euren hika-mikan jendea erakarri zezan, sortak erostera.
Hara nola ematen digun honen berri, zehazki, Antonio Zavalak:
"Asteasu'n, lagunik geienak itxuak ziran famili bat izan zan garai artan. Bizi-modua ateratzearren, modu askotara saia bearko zuten noski. Modu oietako hat, bertso-saltzea izan zan. Besteren bertsoak salduko zituzten noski; bañan bai beren buruari ateratakorik ere. (...) andrea ta biak alkarrekin kantatzeko egiñak dira; batzuetan, asarre-itxura egiñez eta alkarri esan-al guziak boteaz; besteetan, berriz, alkarri losintxaz. Gaur asarre-komeria ta biyar adiskide-komeria, alegia. Batera edo bestera, jendeari parre eragin bear zitzaion, sosik bilduko bazan. (...) Imaz'en billoba batek esan digunez, itxu oietako baten andreak, txantxetako bertso oiekin benetan asarretuta, saltzeko zuten bertso-paper-mordo guzia artu ta ibaira bota omen zuan, egun batez, Alegi'ko zubitik beera".
Antonio Zavalak jaso zuenez, bere garaikoek bertso jartzaile onenentzat zuten Altzoko Imaz:
"Aotik aorakoak, lagun artean kantatzen zituan, ez ordea plazan. Etzan plaza-gizona. Jartzeko zuan arek bere doaia. Ta gañontzeko bertsolariak ere aitortzen zioten ori. Pello Errotak onela esaten omen zuan:
-Bertso jartzen, gu ez gera Imaz'en zapata lotzen asteko ere!"
Ederra da bertsoak jartzeko lana nola egiten zuen irudikatzen deneko pasartea ere, Auspoako liburuan:
"Sorora, atxurretara edo beste edozein nekazari-lanetara zijoanean, patrikaran lapitza ta papera artuta joaten zan. Ta bertsoa gogoratzen zitzaionean, lanari utzi ta eskribitzeari ekiten zion, baita besabe gañean exerita ere. Bere billoha zaarrenak, Paula, onela esan digu:
-Gu arekin itulen ibiltzen giñan. Ta arek atzetik "Uooo!!!" esaten zuanean, guk ganadua gelditu ta ura apuntean asten zan. Gero "Aidaaa!!!" esaten zuan, ta aurrera berriz ere. "Uo" ta "Aida" ibiltzen giñan denbora guzian.
Beraren amak, berriz, errietan egiten zion:
-Iri eskola aundia ematen or aritu gaituk, eta orain eztiguk lanik batere egiten, bertso eskribitu besterik ez dakit eta!"