Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta Emotikonoak

  • Bertsolaria(k): Aitor Mendiluze
  • Doinua: Kontu barri bat suzedidu da II
Koplatan emotikonoa deskribatzen da, aurpegi keinuak eta emozioak adieraziz. Ea asmatzen dugun kopla bakoitza zein emotikonori dagokion!
1.
Barrez lehertu eta malkoak
sortzen zaizkit azkenean
bidali duzun txiste txar hori
irakurtzen dudanean.

2.
Irribarrea zabaldu eta
bi begiak irekita
daukadan poza erakusteko
emotikono polita.

3.
Nire begiak bi bihotz dira
konturatu al zara zu?
Ezin dezaket disimulatu
maiteminduta naukazu.

4.
Niretzat ere zerbait goxoa
izaten duzu beti zuk
eta eguna alaitzearren
muxu hau bidaltzen dizut.

5.
Begiak erdi itxiak eta
ahoa zuzen, serio
emotikono honek benetan
triste nagoela dio.

6.
Bi malko ibai bi begietan
ahoa zabalik dela
adierazi nahian bezala
hunkituta nagoela.

7.
Begi batekin keinu bat eta
mingaina dauka kanpoan
argi uzteko ziria sartu
dizudala oraingoan.

8.
Ahoa beherantz okertu eta
gorri-gorri aurpegia
zerbaitegatik oso haserre
nagoela alegia.