Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta Aralar mendian nabillela

  • Bertsolaria(k): Unai Agirre Goia, Jose Migel Iztueta "Lazkao Txiki"
Lazkao Txikiren begiekin Aralar mendian barrena ibilaldia egiteko prest? Unai Agirrek abestutako sorta (Larraitz, 2018-12-21). Bideoaren egilea: Anbune.
1.
Ala bear ta mendi ederrak
badira Euskal-Errian,
oietako bat Aralar degu
beste askoren artian.
Udaberriko egun batean
egun argitzen astian,
politagorik ez dakit ote
dagoen mundu guztian.

2.
Eguzkiaren sortze orduan
zerua garbi dagola,
mendi artetik an azaltzen da
mundu guztiko farola,
argitutzera ainbeste erri,
bertako zenbait txabola;
une aretan ez leike esan
bat zeruan ez dagola.

3.
Birigarro ta txoriak berriz
an asten dira kantuan,
artzai bat dator txistua joaz,
txakur bat dakar onduan.
Nagusiari begira dator
ark zer aginduko duan,
janaren ordain morroi oberik
ez da egongo munduan.

4.
Saroi ondotik ardiak goruntz
zabaldu dira larrera,
oientzat ere pozgarria da
egunaren etorrera.
Punta berrian pozik dabiltza
batera eta bestera,
negu beltzean zuten ametsa
oientzat orain bete da.

5.
Ollarra ere kukurrukuka
dago txabola -atean
nagusi jauna artoarekin
noiz azalduko ote'an,
olloak eta ollandatxoak
arturik bere menpean;
estuagorik egon liteke
beko granjaren batean.

6.
Errekaz ango pago azpian
bei gorri bat da larrean,
idia zala uste nun bañan
txaal bat badu urrean.
Ez da esneak burura jo ta
galdutzeko bildurrean,
idian antza geiago dauka
errape ta muturrean.

7.
Moxal polit bat saltoka dabil,
badu jostatzeko gaita;
ama an dauka aruntzagoan,
ez dakit nun duen aita.
Amak irrintzi egiten dio
ondora ekarri naita,
nunbait abere artean ere
ama beti ama baita.

8.
Etxeratzeko orduan nago,
etxera itzuli bear,
luzaro gabe berriro ere
topatu gindezke alkar.
Bañan joan aurrez besarkada bat
zuk nai bazenduke ar,
torizu eta beste bat arte
agurtzen zaitut, Aralar.

*Bertsoen iturria: "Irriz eta malkoz". Auspoa. Jose Migel Iztueta "Lazkao Txiki".