Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta Gerraren oihu isila

  • Bertsolaria(k): Unai Agirre Goia
Unai Agirrek 36ko gerrari buruz jarritako sorta; Unaiek berak abestua (Larraitz, 2018-12-21). Bideoaren egilea: Anbune.
1.
Hernani herri bildua;
bizi beharrak zaildua;
lanean korapildua.
Mila beatzirehun hogeita hamasei
triste hartan abaildua;
nahigabean amildua;
uztail beltzak umildua;
tiro hotsek isildua.

2.
Gerrako abioi tutu,
lubaki erdi-ezkutu,
elkarren aurka estutu...
Kanposantuko pareta zaharrek
zer ez zuten ezagutu?
Zahar eta gazteak juntu,
bala errazen jo-puntu;
orduan ziren mututu.

3.
Herri honen azpi lotsak,
desberdinak guztiontzat,
zer indar dun heriotzak!
Galarretatik Tellerigaina
zeramazkiten hilotzak...
hausten zituen bihotzak,
eta isiltasun hotzak:
gurdiaren negar hotsak.

4.
Herriko jende aparta
lurperatu zen hamarka,
zapata eta abarka;
izeba zenak, izen abizen,
esan zizkidan bakarka...
falangista eta carca
denez oroitzea marka!
ta ni mututzea barka...

5.
Suntsitze antolamendu
hau da gordean mantendu,
nahiz ta seguru gauden gu.
Ondarretako kartzela zena
gogotikan ezin kendu!
Urri, azaro, abendu,
itsasoak ekartzen du,
baldin entzun nahi bagendu.

6.
Galdutakoen altzora,
oroigarri eta lora,
jarri duenik asko da.
Hor lurperatu omen zituzten
berrehun gorputzetik gora;
berriz hezurrak kanpora,
eraman ziren gerora,
norbaitek badaki nora...

7.
Kanpandorreko ezkila;
agonian norbait hila,
hiru urtez zenbait mila...
Hernanin hainbat hildako utziz
joan zen Gerra Zibila;
askok jarraitzen du bila,
eskatuz entzun dadila:
GERRAREN OIHU ISILA

*Bertsoen iturria: Argia astekaria (2012-02-19).