Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta Zaharrak berri

  • Bertsolaria(k): Oihana Iguaran
  • Doinua: Manuel Narruk atzo esan dit C
Esaera zahar eta esamoldez betetako bertso sorta, ikasgela barruan gertatzen diren egoerak hizpide hartuta.
1.
Anerentzako matematika
da asperduraren ikur
lagun onekin egiten dira
klaseko orduak labur
baina esamin batek dauka gaur
bere emaitzaren beldur
nahiko bat lortu eta geratu
da ez zeru eta ez lur.

2.
Irakasleak abiatu du
aholkuen tramitea:
“hobe duzue oraintxe bertan
liburuei ekitea”.
Raquelek azkar erantzun dio:
“komeni da jakitea:
ura joanda alferrik dela
urtegia egitea”.

3.
Ta bihar beste azterketa bat
ondo dakite oroitzez
garaiz prestatu ez duten hoiek
konpondu nahia otoitzez …
aste osoan ikasi ez dena
ezin da ikasi goizez
ardi galdua atzematen da,
aldi galdua inoiz ez.

4.
Nasimek dena ikasi zuen
ta lasai egin du barre
baina Raulek nahiko lan du ta
begiratzen du hasarre
baina badaki bakarrik egin
beharko diola aurre
bakoitzak egin behar diola
bere astoari arre.

5.
Mireni beti kosta zaizkio
hainbat aditz euskerako
eta Judithek bere ondotik
esan du iristerako:
“astarrak baietz umea egin
hik hori ikasterako!”.
“Inor jakinda ez da jaiotzen”
erantzun du, hasterako.

6.
Ikerrek lana bukatzerako
beste sei dauzka ileran
irakasleak “mugitu hadi”
dio presatien eran.
Bere amonak dioen gisan
azaldu dio primeran:
“azkar ta ondo egiten dula
bakarrik usoak hegan”

7.
Irakasleen ordutegiak
ez izan arren malguak
errepideko kola batean
geratuz gero salduak
ikasleentzat festa bat dira
klaseko ordu galduak
katua falta den etxeetan
dantzan dabiltza saguak.

8.
Jolasgaraian haserretuta
barkamen bila onbera
ordu erdia pasatu dute
egiterako hobera;
gelarakoan atera dute
biek ondorio bera:
esku-garbitzen aritu baino
ez zikintzea hobe da.

9.
Gutxi ikasi duen pertsona
beti jakintsu omen ba,
guk jakin-minez osatzen dugu
gure galderen zerrenda.
Lagunartean urratzen dugu
erantzunen bila xenda
azkenerako eskolan ere
ikusia ikasten da.

ESAERA ZAHARRAK ETA ESAMOLDEAK

Zerrenda honetan ageri direnak baliatu ditu Oihana Iguaranek.
Ea aurkitzen ditugun bertsoetan!

1-Lagun onekin, orenak labur
2-Ez zerurako eta ez lurrerako
3-Alferrik da ura joanda gero presa egitea
4-Ardi galdua atzeman liteke, aldi galdua aldiz ez
5-Bakoitzak bere astoari arre
6-Astarrak umea egingo din/k, hik hori egiterako!

7-Inor ez da jakinda jaiotzen
8-Azkar eta ondo, usoak hegan
9-Katua falta, saguak dantza
10-Eskuak garbitzea baino, ez zikintzea hobe!
11-Gutxi ikasia, beti jakintsu
12-Zer ikusi, hura ikasi.