Txirritak jarritako bertso sorta da hau, Pernando Amezketarren ateraldiak eta gertaerak kontatzeko. Unai eta Eñaut Agirre anaiek abestua (Larraitz, 2018-12-21). Bideoaren egilea: Anbune.
1.
Ijiniero baten etxera juan zan egun batian: urre-barra bat aundi samarrak zenbat balio lukian. Erantzun zion: «Etorri gero, esango dizut jatian, bazkal-onduan gero kontuak egingo dira kafian».
2.
«Urre barr'ori nun dezu bada, nere baserritar ona?» «Por si acaso billatzen badet galde egin diyot, jauna». «Danak debalde uzten dizkitzut gaurko erana ta jana, naiago nuke etxe ontatik baldin bazeudeke joana!».
3.
Neskamiari uju egin ziyon: «Zabaldu zaitzu atiak!». Erantzun ziyon: «Pena ematen dit asarretuta joatiak!». Berari parra eragin ziyon Pemandoren esatiak: «Bein elkarrekin bazkalduko ta artu ditzagun kafiak».
4.
Neskamiari bigarren txandan: «Bultza, Maria, atia; lastima dala diyo jaun onek asarretuta joatia; onta ezkero igualtsu da ta eman zaiozu kafia, arraio onei kostako zaio berriz gurekin jatia».
5.
Bein praile zar bat etorri zan da zorrotz artu ziyon kargu: «Errot-arriyak zerutik bera zenbat denbora biar du?» Pemando zanak erantzun ziyon: «Jauna, ez noski bi ordu». Arro etorri zitzaion baño laister aurretik bialdu.
6.
«Zenbat denbora biar lukian orain nua esatera, errot-arria prailia balitz konparaziyo batera: gaur amaiketan bota bazuen Jainkuak zerutik bera, amabitako etorriko zan bikariyuen atera».
7.
Pernando etzan olakuetan isillik egon-zalia, asko pentsatzen etzan aldetik ematen zuen dalia; arentzat ere sumatu zuben uste etzuen alia, orduko zopa mayian zan da barrena sartu zan prailia.
8.
Orduko oien pasadizua iñork nai badu ikasi, bikariyua balkoian zegon, andik zituben ikusi: «Prailiak asko dakite baño gaur artzaia da nagusi; atoz, Pernando, bazkaldutzera zere makilla ta guzi».
9.
Egun batian astuarekin abiyatu zan etxetik, lepo gañian palakatuaz, maite zuen biyotzetik, ipurdi-pian zatarrarekin ez ebakitziagatik; bazijuan ta apaiz jaun batek arrapatu du atzetik.
10.
Burla egiten asi zitzaion gure sazerdote jauna: «Jesus, Pernando, au da lujua zure astuak daukana! Tela oberik iñun billatzen izango da naiko lana, nik ere pozik artuko nuke, zenbatian dago kana?».
11.
Sazerdotiak itz ori esan, Pernandok buelta urrena; eskuarekin asto-zipotza altxatu ziyon aurrena, esanaz: «Jauna, or dago denda tela-jeneru orrena; bertan ederki ikasiko du, sartu liteke barrena».
12.
Dendako ate itxusi ura zuben denboran ikusi, sazerdotia ikaratu ta abiyatu zan igesi. Uju egin ziyon: «Jauna, etzuben gutxiagorik merezi; ordañak entzun nai ezpaditu neri burlaka ez asi!».
13.
Pernando nola bizitzen baizan bikariyuen auzuan, egun batian abisatu ta etxea ekarri zuan; biyak izketan egondu zian ordu bete bat osuan txerriya il da partiziyua nola guardatuko zuan.
14.
Ta esan ziyon: «Pernando, laster il biar degu txerriya, bañan badago nere barrenen kezka bat izugarriya: igez nundik-nai etorri zaigu odolkiya ta urdaya, orain ordañak partitzekotan besterentzat det erdiya».
15.
Erantzun ziyon: <II beza, jauna, neri esan diran gisan; bañan odolki gutxi partitu, ez bedi tontua izan; gero balkoian jarri biar du jendiak ikusi dezan, gaberdi aldian barrena sartuta ostu diyotela esan».
16.
Kriara laster bialdu zuen arakiñaren galdian, ilda balkoian ipiñi zuten ta odolkiyak baldian; Pernandok berak eraman ziyon gabeko amarrak aldian, apenas asko partitu zuben Amezketa'ko kalian.