Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea | Bertsoeskola
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta Lujanbiok Switzer maratoilariari

  • Bertsolaria(k): Maialen Lujanbio
Kathrine Switzer, maratoi batean dortsalaz atera zen lehen emakumea izan zen (1967, Boston); antolatzaileak lasterketatik botatzen saiatu ziren, baina Switzerrek aurrera jarraitu zuen, lasterkari batzuen laguntzaz. 2018an Donostiara etorrita, Maialen Lujanbiok bertsoz eskertu zion emakumeei ireki zien bidea.
1.
Hara Kathrine gaztea
gizon olde baten
korrontearen baitan
nola daramaten...
Ez, ez, ez zeramaten,
jakin zuen joaten
ondoren zetozenek
jarraitu zezaten.

2.
Maratoietan zenbat
lehiakide batzen
den helmuga baterantz
oinak bideratzen...
Nahiz bide berak denak
berdin minberatzen,
zuk egin zenuena
beste bide bat zen.

3.
Lagun arteko kirol
edo eliteko,
garaia zen beldurrik
gabe ekiteko.
Bidea amaitu arte
egin, jakiteko
aurrera zenbat bide
dugun egiteko.

4.
Bostonen ta besteetan
badira aleak
oraindik "munduaren
antolatzaileak"
andreak bideetatik
baztertu zaleak...
... baina andre lasterkariz
beteta kaleak.

5.
Beldurrak sortzen duen
geruza zurruna
laster bihurtzen baita
korrika, lurruna.
Eta korrika ez goaz
ihesi urruna,
gozatzen ari gara
aurkitu duguna.

6.
261
dorsala beltz eta zuri
261
ausardiaren irudi
261
bihotz taupada urduri
261
bider esateko guri:
badagoela aukera,
egin daiteke eta mugi!
ausartu, ahaldundu, saretu,
korri, izerdia isuri!
Pausook izango dira
geure bizitzarantz zubi.
261
.000 esker, Kathrine, zuri!

*Iturria: Deustuko Unibertsitatea.