Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta Gernikako bonbardaketa

  • Bertsolaria(k): Iñaki Eizmendi "Basarri"
Basarri bertsolariak 36ko gerraz jarritako sorta ederra, Sebastian Lizasok abestu eta Joseba Tapiak musikatua, "Agur itxorta maite" diskoan.
1.
Milla bederatzireunetan
hogeita hamazazpian
Euzkotarrentzat urte beltz illun
triste ta negargarria
hauts bihurturik utzi zutena
Gernika zoragarria.
Euzko reliki maitatuenak
gordetzen zitun herria.

2.
Apirilleko hillarekin zan
hogeitaseigarrenean
hain justu ere peri eguna
astelehen arratsaldean.
Kale baserri, millaka anai
gizatasun ederrean
plaza inguruan aurkitzen ziran
lehengo ohitura zaharrean.

3.
Kanpandorreko ezkilak hasi
ziran dinbili-danbala
goiko piztien motor burrunda
entzuna zan berehala
emakume ta ume gaixoak
kurrixka zeriotela
heriotzari ihes nahirikan
nora jo ez zekitela.

4.
Bertsoz nork esan bonba txar haien
indar gaiztozko danbarra
osorik ez zuten utzi behintzat
bizileku bat bakarra
ta dana xehetu zuten garaian
alde guzitik sugarra
errugabeko gizaxoentzat
horra hor azken ederra.

5.
Bizi ziranak igesten zuten
sutegi zakar hartatik
ta hegazkiñak tiro ta tiro
etengabe goietatik.
Kristau gorputzak alde batetik
beso buruak bestetik
odol gorrizko itxaso hartan
ez zan ikusten besterik.

6.
Millatik gora izandu ziran
arnasa utzitakoak
ez jakin zenbat bizi guztiko
eri gelditutakoak
hoietatikan gehientxuenak
andrazko ta umetxoak
guda txar hortan erru galantik
izango zuten gaixoak.

7.
Puska dituzte mendi ta herri
apain eta maitekorrak
puska dituzte basetxe txuri
gure kabi on xamurrak
ta zirzildurik kaletan utzi
o, euskaldunen hezurrak
Alemanitik gu txikitzera
etorritako maltzurrak.

8.
Basati gaizto odolzaleak
atzerritikan ekartzen
tokirik zoragarrienari
txikitu ta su ematen.
Hauts egindako gure Gernika
antsika dago esaten
Franco ta bere laguntzaileak
zein bihotz ona daukaten.

9.
Ikusi zuten hainbat kristau on
odolustu zituztela
ikusi zuten berdingabeko
pekatua zeukatela
ikusi zuten mundua kontra
jeikiko zitzaietela
eta orduan zabaldu zuten
gorriak erre zutela.

10.
Ez da, ez, alperrikako izan
hor isuri dan odola
pentsa oraindik emaitz ederrak
ematekotan dagola
Euzko gogoa armez ta indarrez
ezin hil leike iñola
Gernika erre ziguten baiña
zutik daukagu arbola!

Bideoaren egilea: Lamiaran EH.