Basarri bertsolariak 36ko gerraz jarritako sorta ederra, Sebastian Lizasok abestu eta Joseba Tapiak musikatua, "Agur itxorta maite" diskoan.
1.
Milla bederatzireunetan hogeita hamazazpian Euzkotarrentzat urte beltz illun triste ta negargarria hauts bihurturik utzi zutena Gernika zoragarria. Euzko reliki maitatuenak gordetzen zitun herria.
2.
Apirilleko hillarekin zan hogeitaseigarrenean hain justu ere peri eguna astelehen arratsaldean. Kale baserri, millaka anai gizatasun ederrean plaza inguruan aurkitzen ziran lehengo ohitura zaharrean.
3.
Kanpandorreko ezkilak hasi ziran dinbili-danbala goiko piztien motor burrunda entzuna zan berehala emakume ta ume gaixoak kurrixka zeriotela heriotzari ihes nahirikan nora jo ez zekitela.
4.
Bertsoz nork esan bonba txar haien indar gaiztozko danbarra osorik ez zuten utzi behintzat bizileku bat bakarra ta dana xehetu zuten garaian alde guzitik sugarra errugabeko gizaxoentzat horra hor azken ederra.
5.
Bizi ziranak igesten zuten sutegi zakar hartatik ta hegazkiñak tiro ta tiro etengabe goietatik. Kristau gorputzak alde batetik beso buruak bestetik odol gorrizko itxaso hartan ez zan ikusten besterik.
6.
Millatik gora izandu ziran arnasa utzitakoak ez jakin zenbat bizi guztiko eri gelditutakoak hoietatikan gehientxuenak andrazko ta umetxoak guda txar hortan erru galantik izango zuten gaixoak.
7.
Puska dituzte mendi ta herri apain eta maitekorrak puska dituzte basetxe txuri gure kabi on xamurrak ta zirzildurik kaletan utzi o, euskaldunen hezurrak Alemanitik gu txikitzera etorritako maltzurrak.
8.
Basati gaizto odolzaleak atzerritikan ekartzen tokirik zoragarrienari txikitu ta su ematen. Hauts egindako gure Gernika antsika dago esaten Franco ta bere laguntzaileak zein bihotz ona daukaten.
9.
Ikusi zuten hainbat kristau on odolustu zituztela ikusi zuten berdingabeko pekatua zeukatela ikusi zuten mundua kontra jeikiko zitzaietela eta orduan zabaldu zuten gorriak erre zutela.
10.
Ez da, ez, alperrikako izan hor isuri dan odola pentsa oraindik emaitz ederrak ematekotan dagola Euzko gogoa armez ta indarrez ezin hil leike iñola Gernika erre ziguten baiña zutik daukagu arbola!