Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta Oporrak gure herrian

  • Bertsolaria(k): Peio Ormazabal, Nerea Ibarzabal
  • Doinua: Zer da gaur Donostian
Gaia: Hamaika eta hamabi urteko neba-arrebak zarie. Azaroko zubian ez zinien oporretan kanpora joan. Badakizue zuen gelakide asko nonbaiten egon direla. Peio, eskolara bidean, Nereak opor egunen gaineko egia ez kontetea proposatu deutsu. // Bat-bateko saioa.
1.
Peio Ormazabal
Diru aldetik ez dugu
besteen nibela
zure plana Nerea
horren da itzela!
Imagina dezagun
txikitan bezela
espaziontzi handi bat
dugula logela
eta izarretatik
ibili garela.

2.
Nerea Ibarzabal
Hori ezin da sinestu
baina Benidor bai!
Esan ahal dugu plaian
egon garela alai,
flotador urdin eta
arrainaren usai
ze oporren marrazki bat
egin behar bada, ai,
nik gure etxeko sala
ez dut marraztu nahi.

3.
Peio Ormazabal
Zure etxeko sala
zer zabiz esaten?
Irudikatu gu geu
toki eder baten,
plaiara ez garenez
sekula joaten
besteek nahi dutena
pentsatu dezaten,
niri garenak ez dit
lotsarik ematen.

4.
Nerea Ibarzabal
Etxetik ez gara irten
oso aspalditik
ta zoriontsu gara
hori ondo dakit,
baina guaiak ere izan
gaitezke oraindik
eta egia esateak
lotsa ematen dit,
besteak zoriontsuago
iruditzen zaizkit.

5.
Peio Ormazabal
Guztia da itxura
inor ez da salbu
jendeak zer eiten dau
nahi dauena saldu,
bitartean munduak
bueltaka dihardu
gazte izan nahi dugun
umeak gara gu,
ta bidaia onenak
buruan dauzkagu.

6.
Nerea Ibarzabal
Beti zuk antza gogor
ematen dizu, ño!
Egirik nik ez dut nahi
helduta honaino,
opor onik ez dugu
eduki gaurdaino
esan daigun zapaldu
dugula ehun laino,
nahiago gezurti izan
pobre izan baino.

Bizkaiko Txapelketa 2016, Zaldibar.