Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta Sineskeriak

  • Bertsolaria(k): Unai Mendizabal
  • Doinua: Zeruari begira
Zorte txarra ematen omen duten hamaika sineskeria!
1.
Sarri joaten ginen
umetan parkera
lau hostoko hirusta
bilatze aldera
baina zalantza daukat
ta hau da galdera
lau hostoko hirusta
HIRUsta ote da?

2.
Ispilu apurtuak
ditu mila zati
"ederrena nor ote?"
galdera kezkati.
Begiratzeak zorte
kazkarra dakarki
hori sorgin gaiztoak
ondo asko daki.

3.
Eskolara korrika
doanak presaka
plast! zapaldu lezake
zakurraren kaka.
Hori egiten duena
zortekoa da ta
irribarre batekin
garbitu zapata.

4.
Urte mugan pastela
kandelez argiztu
putz! ta itzali ditu
haize eta lixtu.
Hala egiten direla
genuen sinistu
kandelak itzali ta
desioak piztu.

5.
Ikatza bezain beltza
kaleko katua
labana bezain zorrotz
du begiratua.
Zorte txarrez urratu
lezake patua
zazpi biziko pizti
madarikatua!

6.
Gau oskarbi batean
begira zerura
izar uxoek piztu
dute ortzimuga.
Bat piztean pentsatu
amesten den hura
baina pentsatu baino
lehen itzaldu da.

7.
Izorratu da gure
salako lanpara
ta aita holakotan
artixta hutsa da.
Zorte txarretik ihes
ibiltzen bazara
etzazula azpitik
pasa eskilara.

8.
Ez eskilara azpian
ez katu beltzean
ez ispilu hautsian
ez tarta hotzean
ez hirustetan ta ez
mokordo hezean
zorterik hemen ez da
bilatu ezean.