Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea | Bertsoeskola
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta "Antilots" lotsaren aurkako krema

  • Bertsolaria(k): Iñaki Gurrutxaga
  • Doinua: Antton eta Maria I
Lotsa kentzeko kremaren iragarkia, bertsotan. Iragarkien parodia.
1.
Itzalita daukazu
zure begirada?
Ez duzu atera nahi
herriko plazara?
Kendu zazu estaltzen
zaituen izara!
“ANTILOTS” behar duzu
ohartuko zara:
zure lotsa guztien
konponbidea da!

2.
Ez dizkizu kenduko
kolpez hamar urte
baina krema berri hau
beharko zenuke:
aurpegian igurzten
baldin badizute
azala gogortzen du
hiru xoxen truke
telebistatik ere
iragartzen dute!

3.
“ANTILOTS” krema emanda
diogun antzera
ailegatuko zara
lotsak uxatzera
zure akats guztiak
disimulatzera.
Are gehiago, haiek
dohain bihurtzera:
bertsolari onenen
sekretua hauxe da!