Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea | Bertsoeskola
Bertso Ikasgela logoa

Kontsumoaren gizartea ez da debaldekoa, ordea. Munduaren laurdena bapo bizi gara, beste hiru laurdenen kontura. Merke erosten dugu, norbaitek miseria truke egin duelako lan. Munduko gosea txanponaren beste aldea da.

Bertso sorta Maisu Ruanda zer da?

  • Bertsolaria(k): Jon Sarasua, Andoni Egaña
  • Doinua: Mundu hau uzten bazun
Ikasle-irakaslearen arteko galde-erantzunak, Ruanda abiapuntu hartuta. Merkatuaren globalizazioa, miseriaren bizkar sortzen den aberastasuna munduan. Herrialde aberatsak, herrialde pobreen kontura.
1.
-Maisu Ruanda zer da
laburki esanda?
Telebista denetan
aipagai izan da.
- Hori galdera zaila
behin behar nuan da
ezten baten premia
genu(e)n barruan da
bihotzean ezten bat
hori da Ruanda.

2.
-Maisu gu zer gerade
lagun ala etsai?
- Erantzungo dizut ta
egon zaitez lasai:
lurrak bihurtzen gaitu
arreba ta anai
lurra denona dela
entzuten da nonahi
lurra denona bada
lur gaina ere bai.

3.
-Han gutxi ta hemen asko
dabilkigulako,
zergatik dugu asko?
- Behar dugulako
-Zergatik behar hori?
- Sortu zutelako.
-Zergatik sortu zuten?
- Negoziorako.
-Norentzat negozio?
- Betikoentzako.

4.
-Maisu zer da gupida,
zer elkartasuna?
- Hori galdera zaila
egin didazuna
biak zakuak dira
ikasle laguna
gupida izan leiken
zakurik estuna
elkartasuna berriz
hondorik ez duna.

5.
-Maisu duda bat daukat
barrenean hara
bertan izanik hainbat
arazo ta traba
zertan jo behar dugu
urrutietara?
- Urrutikoa hurbil
sentitzen ez bada
hurbilekotik urrun
aurkituko gara.

6.
-Hemen asko dugu ta
han ez dute bat’e
ontzia ezin al da
erdiraino bete?
- Arrazoia daukazu
ai, ikasle maite:
guk sobran dugunakin
han nahikoa dute
ta guk nahiko bagenu
han sobran lukete.