Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea | Bertsoeskola
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta Maisu Ruanda zer da?

  • Bertsolaria(k): Jon Sarasua, Andoni Egaña
  • Doinua: Mundu hau uzten bazun
Ikasle-irakaslearen arteko galde-erantzunak, Ruanda abiapuntu hartuta. Merkatuaren globalizazioa, miseriaren bizkar sortzen den aberastasuna munduan. Herrialde aberatsak, herrialde pobreen kontura.
1.
-Maisu Ruanda zer da
laburki esanda?
Telebista denetan
aipagai izan da.
- Hori galdera zaila
behin behar nuan da
ezten baten premia
genu(e)n barruan da
bihotzean ezten bat
hori da Ruanda.

2.
-Maisu gu zer gerade
lagun ala etsai?
- Erantzungo dizut ta
egon zaitez lasai:
lurrak bihurtzen gaitu
arreba ta anai
lurra denona dela
entzuten da nonahi
lurra denona bada
lur gaina ere bai.

3.
-Han gutxi ta hemen asko
dabilkigulako,
zergatik dugu asko?
- Behar dugulako
-Zergatik behar hori?
- Sortu zutelako.
-Zergatik sortu zuten?
- Negoziorako.
-Norentzat negozio?
- Betikoentzako.

4.
-Maisu zer da gupida,
zer elkartasuna?
- Hori galdera zaila
egin didazuna
biak zakuak dira
ikasle laguna
gupida izan leiken
zakurik estuna
elkartasuna berriz
hondorik ez duna.

5.
-Maisu duda bat daukat
barrenean hara
bertan izanik hainbat
arazo ta traba
zertan jo behar dugu
urrutietara?
- Urrutikoa hurbil
sentitzen ez bada
hurbilekotik urrun
aurkituko gara.

6.
-Hemen asko dugu ta
han ez dute bat’e
ontzia ezin al da
erdiraino bete?
- Arrazoia daukazu
ai, ikasle maite:
guk sobran dugunakin
han nahikoa dute
ta guk nahiko bagenu
han sobran lukete.