Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea | Bertsoeskola
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta Sexismoa publizitatean

  • Bertsolaria(k): Ane Labaka Mayoz
  • Doinua: Zelaia ikusi dut
Iragarkiek emakumeei eta gizonei egozten dizkieten rolak.
1.
Maiz prentsa idatzian
maiz irratietan,
telebistan, Youtube-n,
bus geltokietan…
Mezu zehatzak doaz
letra txikietan
gezurrak saltzen dira
iragarkietan.

2.
Batzuk ausartzat hartuz,
besteak lerdentzat,
denak ez gara lagun
bolantearentzat.
Volskwagen-ak, Audi-ak
nahiz Mercedes Benz-ak…
Ez al dago autorik
emakumeentzat?

3.
Cillit Bang, Finish Quantum,
erratza, fregona…
Sukalde garbietan
hain janari ona.
Gure etxean ez da
betetzen kanona
gure aita delako
“etxeko-gizona”.

4.
Hezurrak ia bistan
dituen momia
biluztasunak biltzen
du anatomia.
Galdera bat sortzen zait
-ez da ironia
zer dago salgai neska
edo kolonia?

5.
Alde handia dago
nigandik Barbie-ra…
Photoshop-a zuzenduz
gerri, ipurdira,
mundu errealera
jartzean begira;
emakume lodiak
existitzen dira.