Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta Etorkizunak itotzen nau

  • Bertsolaria(k): Josu Telleria Uriarte
  • Doinua: Agur sagar beltzeran
Guk ba al dakigu zein ikasketa edo lanbidetarantz zuzendu nahi dugun?
1.
Hamasei urte ditut
amarentzat ume
garauak aurpegian
hainbat gorriune.
Aldartea aldatzen zait
sarri, unez une,
superheroia ala
apal eta xume
ta ikasketak dira
bizitzaren gune.

2.
Nire zain omen dago
hor Batxillergoa
Zientziak, Gizartea,
ta Artistikoa
edota hartuko dut
halako Zikloa
notekin kalkulatuz
batez bestekoa
erabaki behar ta
denbora badoa.

3.
Baina zer aukeratu
gakoa hor dago
ezin dut hau luzatu
denbora gehiago.
Gurasoek Uni-a
lukete nahiago
eta nik zer ez dakit
galduta zeharo
kaixo heldutasuna
agur umezaro.

4.
Unibertsitateak
makina bat arau
Lanbide Heziketa
zertarako da hau?
Presiopean nago
familia, enparau…
lorik ezin eginda
daramat hainbat gau
nire etorkizunak
ito egiten nau.

5.
Barrutik sentitzen naiz
nekatuta, zisko!
Ardurak hartzen dakit
baina ez naiz harrizko
bide bat hautatzeko
zenbat amesgaizto
dudan adinarentzat
asko, gehiegizko.
Ba orain erratzen banaiz…
aldatu ta listo!