Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta Aitaren bikotekidea dator etxera

  • Bertsolaria(k): Xan Alkhat
  • Doinua: Gu gazte ginadela
Aitaren bikotekide berria agertu da etxera. Alabak bere ama zena oraindik gogoan, ez du begi onez ikusten…
1.
ALABA
Aitak lagun berria
du ta ze trantzea!
Zuretzat dira beraz
aita ta etxea
haur batentzat zaila da
amaren galtzea
ez zazu pentsa bere
lekua hartzea!

2.
AITAREN BIKOTEKIDEA
Gertatu dena hartu
beharko da aintzat
baina elkartu dira
gu bien bihotzak
ez dut bere lekua
hartu nahi behintzat
soilik nahi nuke leku
ttipi bat niretzat.

3.
ALABA
Dena iluntzen baita
bai heriotzean
ama joan denetik
bizi naiz hotzean
nigar egiten dut nik
hartaz oroitzean
beti bizirik baita
nire bihotzean.

4.
AITAREN BIKOTEKIDEA
Min uxatzaile ona
da berez denbora
baina tristurarekin
ez zaitez aztora.
Egunero ekarri
zuk ama gogora
ta bizi direnekin
beti biziko da!

5.
ALABA
Gau eta egunez naiz
ni hartaz oroitzen
zenbat aldiz parkean
ginen gu jostatzen
uda betean zenbat
izozkiz asetzen
ene ama maitea
ama onena zen!

6.
AITAREN BIKOTEKIDEA
Nahi dut zure aita ta
zure zoriona
amaren ordez ez naiz
etortzen gaur hona.
Ni zuretzat zer naizen
galdera sakona…
entzun ezazu zure
barruak diona.