Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea | Bertsoeskola
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta Heriotzaren aurrean

  • Bertsolaria(k): Aitor Arrutia, Idoia Anzorandia
  • Doinua: Beste bateko inularretan
Bi egun dira aitite hil zela. Bukatu da azken agurra eta neba-arrebak etxera itzulita, hizketan hasi dira.
1.
NEBA
Gure aitite hil zitekenik
ezin nuen imajina,
itxaropenez beti izan du
bizipoza eta grina.
Ezin dut jasan gure ondoan
ez egotearen mina,
aurrerantzean gure bizitza
ez da izango berdina.

2.
ARREBA
Aitite joan da eta nolabait
umezurtz sentitzen gara.
Tristurarekin iraganera
botatzean begirada,
ume garaian, gazte garaian
zenbat barre ta algara.
Orain hutsune hoiekin ere
bizitzen ikasi behar da.

3.
NEBA
Ez gintuela inoiz utziko
egina genuen tratu,
orain joan da eta ez dakit
ahalko dudan barkatu.
Bere altzoan nahi dut berriro
babestu eta lokartu…
Igarotako momentu denak
ezin ditut ordezkatu.

4.
ARREBA
Orain normala da sentitzea
amorru ta oinazea,
kontua ez da ordezkatzea,
baizik eta oroitzea.
Bere lana ta irakaspenak
gerora baloratzea,
hoiek guztiek bete dezaten
familiaren etxea.

5.
NEBA
Etxea hutsik sentitu ohi dut
bera oroitu orduko,
orain minduta sentitzen naiz ta
ez al duzu ulertuko?
Zaindu ninduen ta zaindu nuen
sentitu dut hain gertuko…
Gure aititek alde egin du
eta ez da bueltatuko.

6.
ARREBA
Ezin duzunik minik sentitu
hori ez nizun esan nahi.
Zure amorru eta tristura
gauza normalak dira, bai.
Laster aitite gure artean
oroituko dugu alai,
gaur bitartean, zatoz ondora
ta egizu negar lasai.