Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea | Bertsoeskola
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta Aurkitu dituzte

  • Bertsolaria(k): Arkaitz Estiballes
  • Doinua: Mundu hau uzten bazun
Maddik sukaldean negarrez ikusi du amama. Aitarengana joan da Maddi, laguntza eske.
1.
MADDI
Goizero eskolara
poz-pozik narama
gaur nik atera diot
etxeko zarama
elkarbanatu dugu
erosketen zama
baina zeozer gaizki
egin dut ai ama!
Sukaldean negarrez
baitago amama.

2.
AITA
Zure errua denik
alaba ez uste
ez dizugu kontatu
orain arte guk be
baina duela gutxi
dei egin digute
eta pasa ostean
horrenbeste urte
aititeren hezurrak
aurkitu dituzte.

3.
MADDI
Nik aititeri buruz
askorik ez dakit
badakit joan zela
gaztetan etxetik
aspaldian izan zen
gerra batengatik
baina nola hil zuten
non eta zergatik
ez didazue ezer
kontatu oraindik?

4.
AITA
Hogeita hamazazpian
joan zen gerrara
kontatu digutenez
Lemoatx puntara
sorpresaz heldu ziren
bere trintxerara
tiro eman zioten
bertatik bertara
baina gu ere orain
enteratu gara!

5.
MADDI
Dena ulertu dudan
ez nago seguru
irakurriko ditut
hiru-lau liburu
eta hitz egiteko
egunak ditugu
baina aita, aitite
zeinek aurkitu du?
Eta amamarekin
zer egingo dugu?

6.
AITA
Lanean elkarte bat
dabil, Aranzadi
aurkitu dituena
hildako ugari
baina hau kontatuko
dizut bihar Maddi
orain sukalderaino
hurbildu kantari
eta musu handi bat
eman amamari!