Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta Talde lanean

  • Bertsolaria(k): Aitor Mendiluze
  • Doinua: Sorlekua utziz geroz
Bi kideren artean egin behar zuten taldeko lana. Baina batek egin du lan guztia… Nola bukatuko ote da bien artekoa?
1.
HAMAL
Bukatu dut lana eta
ez daukagu aldatzerik
baina zure jokaerak
odola sutan jartzen dit
ez baitut lortu zati bakar bat
zuk egiteko hartzerik
orain ez duzu esperoko ba
bion izena jartzerik?

2.
AMAIA
Zuk lana egiten duzu
hasi eta berehala
ezer egiteko ez dut
denborarik izan hala
baina esan ez dezazun lanak
nire ezer ez daukala
agintzen dizut nire izena
neuk idatziko dudala.

3.
HAMAL
Orain gainera zer zatoz,
niri barre egitera?
Pentsatu hau izan dela
zuretzat azken aukera
zure izenik gabe utziko
dut portadako papera
eta pentsatzen hasi zintezke
hemendik nola atera.

4.
AMAIA
Ez da bion lana beraz,
ba ados honenbestean
bion izenak jartzeko
ez dut segiko eskean
fotokopia bat egigun eta
izenak jartzen hastean
zuk jar ezazu batean eta
nik jarriko dut bestean.

5.
HAMAL
Ez al duzu esan behar
gauza kabalik sekula?
Benetan uste al duzu
horrekin aski duzula?
Fotokopia bat aurkeztu eta
ondo irtengo zaizula?
Irakaslea ohartuko da
kopiatu didazula.

6.
AMAIA
Nik kopiatu dudala?
Ez zinen zu izango ba?
Nola jakin zeinek zeini?
Nola lortu horren froga?
Nahi ez baduzu biok uztea
froga honetan kanpora
jarri ezazu bion izena
hoberena izango da.