Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea | Bertsoeskola
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta Uraren zikloa

  • Bertsolaria(k): Ander Elortegi
  • Doinua: Ilun ikarak azken argia
Nola sortzen da euria? Zer ibilbide egiten du urak?
1.
Ura da Lurra planetan zehar
dagoen gai magikoa,
gardena eta H20 da
egitura kimikoa.
Jatorria zein den jakitea
denez berebizikoa,
aterkipean ikas dezagun
zein den URAREN ZIKLOA.

2.
Ur geruzara heltzen denean
eguzkiaren distira
ur molekulak aztoratzeko
beroa lagungarri da.
Hortik sortzen den gasak duenez
gorantz joateko desira
kondentsatzen den lurrunarekin
hodeiak osatzen dira.

3.
Hodeiak daude ur tantaz edo
izotz kristaltxoz eginak
baina airean mantentzen dira
baitira oso arinak.
Loditzen ditu tenperatura
hotzagoen eraginak
eta horrela sortu ohi dira
zaparrada desberdinak.

4.
Eurite gogor, zirimiria,
txingorra edo elurra.
Ibaia igo, lakua bete
edo zuritu gailurra.
Eguraldiko mapan tanta da
Euskal Herriko ikurra
horri esker da hain eder eta
aberatsa gure lurra.

5.
Makineria zoragarria
izan daiteke natura.
Sarri begira egoten gara
itsasora zein zerura.
Batzuk soberan ta beste batzuk
faltan daukatenez ura
behar bezala erabiltzea
da gizakion ardura.