Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta Martxoaren 7an jarriak

  • Bertsolaria(k): Arkaitz Zipitria
  • Doinua: Ene Lukas maitea
Gure etxean bizi diren gizonek, zein etxeko lan egiten dituzte?
1.
Egun bereziz bete
da egutegia
salatzeko pertsona
askoren egia.
Kolore gorria da
nabarmenegia
baina nekez gorritzen
zaigu aurpegia.

2.
Etxean, nork jartzen du
sutan lapikoa?
Zenbat aldiz egiten
duzu harrikoa?
Erraz askatzen dugu
hieroglifikoa
baina gero egiten
dugu betikoa.

3.
Nork garbitzen du zure
txanodun jertsea?
Nork txukuntzen du gela?
Eta nork etxea?
Aurrerapausoa da
lana eskertzea
ta noizbehinka bestea
sofan esertzea.

4.
Noren gain gelditzen da
zaintzea amama?
Triste baldin bazaude
nor doa zugana?
Nahiz eta maitasunez
egin zaintza lana
banatzen ez denean
bihurtzen da zama.

5.
Azala laztantzea
da keinu goxoa
baita muxukatzea
aurpegi osoa.
Besteak ez badu nahi
dator arazoa
oparia bihurtzen
baita erasoa.

6.
“Vaya pedazo tetas”
esaten denean
ez dugu hitz egiten
modu onenean...
Zerbait aldatuko da
titien parean
pertsona bat ikusten
dugun egunean.

7.
Martxoaren 8an
morea nagusi
urtean zehar ezin
al da erakutsi?
Jokabide matxistak
bazterrean utzi
eta urte osoan
jarrerari eutsi!