Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta Historian emakumeak

  • Bertsolaria(k): Irati Erkizia, Jone Larrinaga
  • Doinua: Kantuz sortu naiz eta II
Historian emakumeek egin duten ekarpena zientzian, politikan, artean... Emakumeen inbisibilizazioa. Historia isildua. Emakume batzuen ekarpena azaltzen du sortak: Marie Gouze, Nellie Bly, Marie Curie, Frida Kahlo, Rosa Parks.
1.
Emakume indartsu,
ausart, harrigarri,
oztopoak gainditzen
duena igarri.
Plazaratzeko egon
zaretenez larri,
maiz isilaraziak,
ahaztuak sarri...
gaur nahi zintuzketegu
gogora ekarri.

2.
Marie Gouze “Olympia”
ausarta zen zinez
mundua bete nahian
justu ta berdinez
gillotina zuela
ondorio jakinez
emakumeen defentsan
iraultza eginez
askatasun egarriz
ibili zen oinez.

3.
Nellie Blyk munduari
buelta eman di-da!
Bizipena hitzekin
zekarren argira
horrela eman zion
hiritik hirira
emakumezko baten
larrutik begira
munduari buruzko
ideiari bira.

4.
Marie Curie jaiotzez
Marie Sklodowska,
senarren abizenak
hartuta datoz ta!
Nahiz bere sorterritik
larri egin ospa
klandestinitatean
ikasiaz ozta
fisika ta kimikan
merituz zen josta.

5.
Frida Kahlok aukera
bihurtuaz gaitza,
margotzea zen minak
arintzeko giltza.
Ohetik bete zuen
loreez sasitza,
gizonen mundu hartan
hartu zuen hitza
bere koloreekin
marraztuz bizitza.

6.
Estatu Batuetan
sasi arteko lore
Rosa Parks eskubide
defentsan hain noble,
egia ez zuenez
bere baitan gorde
azala beltza eta
ukabila more...
Sufritu behar izan
zuen berak doble.

7.
Haize-garbigailuak,
periskopioak
komunikazio tresna
inalanbrikoak
berogailuak bertan
dituzten autoak
xiringak, hozkailuak…
ta esan gabekoak
denak emakumeek
asmatutakoak!

8.
Hamaika emakume
hamaika aldarte
isilarazitako
milaka pasarte
beraiekin iraultza
txiki bat dakarte
egin ditzagun gure
ipuinaren parte
historiaren zati
bilakatu arte.