Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta Nerabezaro betean

  • Bertsolaria(k): Unai Iturriaga
  • Doinua: Baserrian jaio nintzan
Dena ez da lore eta edertasun. Sentimendu marroi-likits askoak ere badira. Garai zaila, DBHkoa...
1.
Nerabezaro betean
eta nortasun krisian
galtzerdi baten zulotik
munduari ihesian
"Hemen nago!" bat gatibu
hortzek osatu hesian
flan baten sendotasunez
eguneroko bizian
pila bako robot bat naiz
hemen jaiki ta jausi han
horren lekuz kanpo nola
traktore bat poesian
txakur gorotz bat airean
grabitate gabezian
orbitatik kanpo nabil
DBH Galaxian.

2.
Ta nire gorputz hau zer da?
Goma2a, dinamita?
Hormonen ring-ean lehian
fisika eta kimika.
Burua eta gorputza
cutter batez ebakita
sentitzen naiz inon ondo
itsasten ez den Post-ita
galtzontzilo bat lurrean
fosiltzeraino utzita
kulero bat goi-tentsio
kable baten eskegita
maniki bat bezain zatar
harri bat bezain polita
ez egin barre berdintsu
gabiltzala badakit-ta.

3.
Nor ez da sentitu inoiz
lurreko txikleen pare?
Euli bat mokordo baten,
sagar batean zizare,
puzker bat blowing in the wind
wifi bidez sarez sare
toki guztietan traba
egiten duen zutabe.
Sudurra pintzaz itxita
edan behar den edabe
hori omen da bizitza
ta gu bizitzan nerabe
erabat maite ez dugun
geure buruaren jabe
elkar onartuko dugun
esperantza galdu gabe.