Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta Biluzik

  • Bertsolaria(k): Ane Labaka Mayoz
  • Doinua: Egunsenti batean
Piropoak, geure buruari! Ispiluaren aurrean bakarrik gaudela, zer esaten diogu gure isladari? Maitasun begiekin ikusten al dugu geure gorputza?
1.
Ez dago konplexurik
ez duen gorputzik
minduko ez zuena
zenbait hitz itsusik
nahiz berez ez daukadan
keinu harroputzik
gaur nire ausardia
izango du gutxik…
Bakarrik bada ere ez
sentitzeko hutsik
ispiluaren aurrean
jarri naiz biluzik.

2.
Ispiluz bestaldeko
horrek zerbait dauka…
Ia pentsatu gabe
esan diot: “Aupa,
zure orbitan izan
nahi dut astronauta
mila izarren artean
zuretzat bat hauta…
Zurekin maitemindu
al ninteke gauka?
Zure edertasunak
itsututa nauka”.

3.
“Zurekin hautsi nahiko
nuke araudia
eraikiz biok batzen
gaituen zubia.
Harribitxi bazina
zinake “rubia”
frutetan gerezia
edo marrubia.
Museo baterako
a ze irudia…
zure ezpainak eta
zure ipurdia”.

4.
“Behingoz egin dugunez
parez pare topo
gorritu nahi zintuzket
piropoz piropo…
Batzutan maite zaitut
bestetan gorroto
nire pozoinentzako
zaitut antidoto.
Zugatik, zaitudanez
benetan gustoko,
kopla baten bi aldiz
egingo dut poto”.

5.
“Perfume usaineko
zure izerdia,
daukazun bizipoza
eta energia…
Ez naiz parea galdu
duen galtzerdia
konpromezuak sortu
ohi dit alergia
hasi bedi elkarren
arteko derbia
zu naizelako nire
laranja erdia”.

6.
“Zure ondoan egon
nahiko luke nornahik
denok desio dugu
ausarta den norbait.
Ez bazaitu asetzen
hainbat lore alaik
isilik egongo naiz
ez zaitezen gogait,
Instagramen jarriko
dizkizut mila “like”
zu gabe bizitzea
ezinezkoa zait”.

Gorputza aldatzen joaten da bizitzan zehar, dena aldatzen den bezalaxe.
Gorputz guztiek dute beren edertasuna.
Haurtzaroko gorputzetan, gaztaroko, zahartzaroko gorputzetan, zer da gehien atsegin zaiguna?